Kostaldeko arriskuak, nork egiten du zer?
Ipar Euskal Herrian kostaldeko arriskuen kudeaketa nola segurtatua den ulertu nahi duzu? Argibide guziak aurkituko dituzu orrialde honetan.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 11a
Zer egiten du Euskal Hirigune Elkargoak?
Euskal Hirigune Elkargoak badu UIKUP eskumena (Ur Ingurumenen Kudeaketa eta Uholdeen Prebentzioa). Orduan, kostaldeko arriskuen prebentziorako zenbait ekintza gauzatzen ditu:
- Itsas murgilketaren aurkako babes-obrak kudeatzen ditu, besteak beste obra hidraulikoen segurtasunaren ildotik sailkatuak diren itsasoko digaz bideratzeko sistemak;
- Kostaldeko arriskuen kudeaketarako tokiko estrategia animatzen eta gidatzen du eta ekintza plana gauzatzen du lurraldean, itsasbazterreko herriekin eta beste obraginekin lankidetzan;
- Arriskuei buruzko sentsibilizatzeko ekintzak plantan ezartzen ditu, hala nola “Euskal kostaldea, mugituz doan itsasbazterra” erakusketa ibiltariaren hedatzea;
- Gogoeta orokorrak eramaten ditu hala nola euskal itsas gainaldea edota Ipar Donibane Lohizuneko eta Bidarte-Getariako Antolaketarako Lankidetza-Proiektuak;
- Euskal itsasbazter osoaren mailan eginiko higaduraren jarraipenak gidatzen ditu (jakintza hobetzea eta arriskua kudeatzea) eta ekaitzen ondoko informazioen bilketa kudeatzen du (behaketa, nahasmenduak, lur mugimenduak, erronka-eremu urpetuak, etab.) eta horien zabaltzea eskualdeko sarearen galtzarrean;
- Hirigintzan kostaldeko arriskuak hobeki kontuan hartuak izatea zaintzen du (kosta-lerroaren gibelatzearen eraginpeko tokiko mapak apailatzea, adibidez);
- Herriko Etxeei laguntza teknikoa ekartzen die (baldintzen bildumak idazten laguntzea, ekintzak jarraitzea eta emaitzei buruzko iritzia ematea, larrialdiak kudeatzeko laguntza) baita arauzko laguntza ere (interfazea estatuko zerbitzuekin, zuzenbide-aholkuak abokatu bulego bati dei eginez, etab.);
- Kosta-lerroaren gibelatzeak zuzenki hunkitzen dituen jabe pribatuak informatzen ditu eta haien urraspideetan laguntza ekar diezaieke.
Zer egiten du nire Herriko Etxeak?
Nire Herriko Etxeak bere lurraldean higaduraren aurka borrokatzeko eta egokitzeko ekintza gehienak gauzatzen ditu:
- Higaduraren aurkako babes-obrak jarraitzen eta artatzen ditu (arauzko ikerketa teknikoak, zaintza, sendotzeko lanak, etab.);
- Itsasbazterreko kudeaketa ekintza eztiagoak eramaten ditu (hondartzak hareaz berriz betetzea eta berritxuratzea, ezpondak eta duna zerrendak landareztatzea, birnaturatzea, etab.);
- Prospektiba ikerketetan ere esku hartzen du zuzenean, baita bere kosta zerrenda hunkitzen duten kosta-lerroaren gibelatzeari egokitzeko proiektuetan ere;
- Babes eta sokorri baliabideak plantan ezartzen ditu, biztanleak arriskuei buruz informatzen ditu besteak beste Arrisku Nagusiei buruz Informatzeko Herriko Dokumentua (ANIHD) eta Zaintzarako Herriko Planaren (ZHP) bitartez. ANIHDek zure herriak hunkitzen dituen arrisku nagusiei buruzko argibideak ematen dizkizute eta prebentzio, babes neurriak baita arrisku horien arabera plantan ezarri beharreko segurtasun aginduak ere ematen dizkizute. Herriko etxean kontsulta daitezke. ZHPek larrialdi kudeaketa eta zure segurtasuna ahal bezain ongi antolatzeko plan zehatz bat ukaiteko bidea eskaintzen die Herriko Etxeei. Larrialdi kudeaketaren ardura duen batzordeak erabiltzen duen barne dokumentu bat da.
Zer da biztanleen eginkizuna?
Herritar guziek beren herrian diren arrisku eta babes neurriei buruzko argibideak bildu behar dituzte.
Nor dira beste partaideak eta zer egiten dute?
Pirinio Atlantikoetako Departamendua
Bere ardurapean diren obren ikerketan, lanetan, artatzean eta kudeaketan esku hartzen du, hala nola 912 bigarren mailako errepidea, Itsas gainaldeko errepidea deitua, Ziburu eta Hendaia artean, edota arrantza portuen ustiatzeari loturiko obretan (Donibane Lohizune eta Hendaia). Departamenduak du Itsasbazterreko Bidexka ere kudeatzen, baita Naturagune Zaurgarrien kudeaketan duen eskumenari loturiko gune bereziak ere, Erretegia edo Artxiloa adibidez. Ildo horretatik, antolaketa edo birnaturatze jarraipenak, ikerketak eta obrak eraman ditzake.
Itsasbazterreko IPE
Kosta Zerrendaren Kudeaketarako Eskualdeko Estrategia darama, Akitania Berriko tokiko Estrategia guziak koordinatzen ditu, tokiko estrategiak apailatzeko metodologia eta horien emaitzak finkatzen ditu. IPEk Euskal Elkargoa Itsasbazterreko arriskuen kudeaketarako tokiko estrategia apailatzen eta gauzatzeko lehen bost urteen emaitzak finkatzen lagundu du, besteak beste. Bestalde, bere gaitasun teknikoak ekartzen ditu ikerketa, jarraipen, gobernantza eta finantzaketa arloko dosier anitzetan.
Partaide teknikoak (Akitania Berriko kostaldearen behatokia, Paueko eta Aturri aldeko unibertsitatea)
Oinarri tekniko sendoa eskatzen duten ekintzak gauzatzen laguntzen dute (ikerketa eta berrikuntza ikerketak, jarraipenak eta programak nagusiki). Akitania Berriko kostaldearen behatokiak (ABKB) kosta-lerroaren bilakaeraren jarraipenak eta gertaerak hedatuz, besteak beste. Geologia- eta Meatze-Ikerketen Bulegoa (GMIB) kostalde arrokatsuan esku hartzen duen erakundea da. ABKBaren harira esku hartzen du, baita proiektu berezi batzuen harira ere, gaitasun eta ikerketa zientifikoa eskatzen dutelarik. Horrez gain, teknika-aditu gisa, CEREMA zentroak elkargoen lana sustatzeko esku hartzen du, besteak beste babes-obrei dagokienez.
Akitania Berria eskualdea
Lau ardatzen inguruan eraikiriko itsasbazterra babesteko politikaren harira, kostaldeko arriskuen kudeaketa optimizatzen du jakintza sendotzean (ikerketa proiektuetan parte hartzea eta garatzea) eta borroka aktibo eta malgurako obra proiektuak sustatzen ditu tokiko elkargoen aldean.
Pirinio Atlantikoetako Lurraldeen eta Itsasoaren Departamenduko Zuzendaritza (LIDZ 64) eta Akitania Berriko Ingurumena, Antolaketa eta Bizilekuaren Eskualdeko Zuzendaritza (AB IABEZ)
Tokiko elkargoekin lotura hertsian dira. Itsasoko Eremu Publikoaren okupazioari loturiko gaietan esku hartzen dute (obra publiko eta pribatuekin loturan), baita Itsasbazterrari buruzko legearen zaintzan ere eta, orokorrean, lurraldearen koherentziaren alde arriskuen kudeaketari dagokionez.
Finantza-partaideak
Tokiko Estrategia gauzatzearen finantzaketa ahalbidetzen dute. Diru laguntzak eskatuak dira besteak beste Akitania Berria eskualdeari eta Europar Batasunari EGEF funtsaren bitartez, Itsasbazterreko arriskuen kudeaketarako tokiko estrategiaren zenbait ekintza laguntzeko (ikerketak, lanak, komunikazio tresnak...). 2017-2021 ekintza programaren lehen atala diruztatzeko, Euskal Elkargoak eskualdearekin eta EBarekin (EGEF) 25 milioi euroko hitzarmen bat izenpetu du, obragintza publikoaren zuzendaritzapean. Horrez gain, ekintza zehatzak sustatzeko, Euskal Elkargoak beste partaide batzuekin izenpetu ditu hitzarmenak, hala nola Frantziako estatua, besteak beste ALPen harira (France Relance Ipar Donibane Lohizune proiekturako, France Nation Verte Bidarte-Getaria proiekturako) edo kosta-lerroaren gibelatzearen prospektiba ikerketaren harira +30 urte eta +100 urte epemugan.
Zer da Euskal Itsasbazterreko IPErekin lotura?
Aldi berean, Euskal Itsasbazterreko Interes Publikoko Elkargoa partaidetza eta mugaz gaindiko tresna bat da, euskal kostaldeko elkargoak eta erakunde zientifikoak biltzen dituena, itsasbazterraren kudeaketan euskal kostaldeko elkargoetako beharrei egokituriko ikerketa proiektuak eta zientzialarien proposamenak eraikitzeko eta gauzatzeko xedea duelarik. Proiektu zehatzen harira (Ezponda, R4C), kostaldeko arriskuen kudeaketan parte hartzen du zuzenki, besteak beste higaduraren eta uholdeen zaintza eta prebentzio gaiekin loturan.
Kostaldeko arriskuei buruzko Euskal Itsasbazterraren IPEaren ekintza