Espezie exotiko inbaditzaileak
Espezie exotiko inbaditzaileak bioaniztasunaren galeraren 5 arrazoi nagusietako bat dira. Ikus ipar euskal herrian zein espezie dauden eta ezeztatzeko prozesuan egiazki parte har ezazu.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 10a
Zer dira espezie exotiko inbaditzaileak?
Espezie exotiko inbaditzaileak gizakiak nahita edo nahigabe, merkataritza-trukeen eta bidaien bitartez haien hedapen eremu naturaletik kanpora eraman fauna eta flora espezieak dira. Ondorio ekologiko, ekonomiko edo osagarriko kaltegarriak ukan ditzakete. Bioaniztasunaren galeraren 5 arrazoi nagusietako bat dira!
Adibidez, euskal kostaldean, itsasbazterreko floraren %15 landare exotiko inbaditzaileak omen dira.
Zergatik ez dira garatzen utzi behar?
Espezie exotiko inbaditzaileak, bai animalienak, bai landareenak, arras ongi egokitzen dira, eta horri esker, laster zabaltzen dira, bertako espezieen kaltetan. Paisaiak aldatzen dituzte, hazkurri kateak nahasarazten eta ekonomiaren eta osagarriaren arloan arazo larriak eragiten.
- Bioaniztasunaren gaineko eraginak: harrapakaritza, hibridazioa, lehia, eritasunen transmisioa eta bertako espezieekiko lehia, ingurune naturalak andeatzea, etab.
- Giza jardueren gaineko eraginak: kulturak kutsatzea, bide edo garraio azpiegiturak andeatzea, etab.
- Giza osagarriaren gaineko eraginak: alergiak, eritasunak zabaltzea, etab.
Zein dira espezie kezkagarriak?
Landare espezie kezkagarri batzuen adibideak
- Baccharis halimifolia: ipar amerikako landare horrek ingurune naturalean sasi zabalak sortzen ditu, eta uda bukaeran kotoi itxurako milioika hazi ekoizten;
- Panpa-lezka (cortaderia selloana): hego amerikako landare horrek luma-erratz formako panikula handiak sortzen ditu, biziki alergia-sortzaileak, eta bakoitzak milaka hazi ekoizten ditu uda hondarrean. Biziki lehiakorra denez, bertako espezieei leku arras guti uzten die. Espezie horri buru egiteko, besteak beste, “LIFE nature COOP CORTADERIA 2023-2028” programa plantan eman da. Neurri handiko proiektu hori, gure eskualdean, CEN nouvelle-aquitaine zentroak du koordinatzen, eta xedea du nazioz gaindiko aliantzak garatzea eta sortzea, cortaderia selloana landareari buru egiteko, prebentzio, kudeaketa eta sentsibilizazio ekintzen bitartez, gutiago heda dadin eta ingurune naturalei gutiago eragin diezaien;
- Pitosporoa (pittosporum tobira): ekialdeko asiako zuhaixka horrek hosto iraunkorrak ditu eta zinez aniztasun gutiko sasi handiak osatzen ditu; txoriek dute hedatzen laguntzen, haren haziak barreiatuz;
- Olibo zumeak (elaeagnus sp.): Zuhaixka bizikor horietako gehienak asiatik datoz; jendeak hesietan maiz landatzen ditu, eta ingurune naturalean laster zabaltzen dira, ingurune mota anitz eta anitzetan, muturreko klima baldintzak jasateko gai baitira;
- Gerezi-erramua (prunus laurocerasus): jendeak hesietan eta lorategietan maiz landatzen du eta oihanpeak kolonizatzen ditu; bertako espezieak ez ditu berritzen uzten, hostaila trinko eta iraunkorra baitu, eta inguruko espezieei kalte egiten dieten substantziak jariatzen;
- Tximeleta zuhaitza (buddleja davidii): asiatik etorri lore ubeldun zuhaixka hori habitat naturaletan zabaltzen da eta bertako espezieen garapena trabatzen du. Izenak dioenaren kontra, pinpirinei ez zaie probetxugarri, beldar gehienek ezin baitituzte haren hostoak jan;
- Lonicera japonica: landare apaingarri gisa inportatua izan zen, eta zuhaitz eremuetan eta eremu irekietan laster zabaltzen da, zuhaitzak eta zuhaixkak inguratuz, eta beraz, horien garapena trabatzen du;
- Japoniar piper-belarra (reynoutria japonica): zinez laster hazten den espezie horrek multzo handiak osatzen ditu; azken horiek lurra pobretzen dute eta bertako espezieei argia eta hazkurriak jaten dizkiete.
- Ambrosia artemisiifolia: ipar amerikako espezie horrek, uda hondarrean, gizakiari alergia anitz eragiten dion polena sortzen du, eta beraz, alergia-garaia luzatzen. Laborantzari ere eragin diezaioke, emaitzak ttipitu baititzake. Haren eremua urte guziz zabaltzen da, eta orain ipar euskal herrian ere bada. FREDON nouvelle-aquitaine organismoak espezie horri buru egiteko baliabideak proposatzen ditu (FR). Gure lurraldean, euskal itsasbazterreko CPIE eta ipar euskal herriko CPIE erakundeek sentsibilizazio eta formakuntza ekintza anitz antolatzen dituzte landare horren erronkei eta lanjerei buruz (webinarioak, elkargoetako langileendako formakuntzak, hartzaile ororendako ateraldiak...), Akitania berriko ars eskualdeko osagarri agentziarekin eta fredon nouvelle-aquitaine organismoarekin batera.
Animalia espezie kezkagarri batzuen adibideak
- Amerikar bisoia: 20. Mende hastapenean sartu zuten europara, bere ilea ustiatzeko. Europako bisoiari lehia egiten dio (azken hori desagertzeko arrisku larrian da), txoko ekologiko bertsua betetzen baitu;
- Ibai-karramarro gorria: merkataritza xedeekin sartu zuten europara, 1970eko hamarkadan. Ekosistemak desorekatzen ditu, arrain gazteak janez eta sortzen dituen galeriez erreka bazterrak ahulduz.
Araudiak zer dio?
Espezie exotiko inbaditzaileen zerrendak europa mailan eta frantzia mailan finkatzen dira. Europar batasunaren espezie kezkagarrien zerrendaren 2023ko bertsioan, 88 espezie daude (47 animalia eta 41 landare). Frantziako estatuan, zerrenda horrez gain, lurraldeko espezie berezi batzuk daude.
Nola buru egin espezie exotiko inbaditzaileei?
Denok egin dezakegu landare espezie inbaditzaileen garapena ttipiaraztearen alde, bakoitzak bere neurrian.
- Zure baratzean eta ingurune naturalean landare exotikorik ez landa. Jada egina baduzu, espezie horiek identifika eta desegin. Laguntzeko, gida hauek baliatzen ahal dituzu: itsasbazterreko espezie inbaditzaileei buru egiteko gida (fr) eta panpa-lezkari buru egiteko jokabide egokien gida (FR);
- Hondakin berde horiek ez bota naturan, hondakindegira eraman. Langileei zehaztu espezie inbaditzailea dela eta ez dela hondakin berde arruntekin tratatu behar, baizik eta orotariko hondakinekin;
- Horien ordez, bertako espezie ez inbaditzaileak ezar: artea, elorri xuria, lila, basoetako atxaparra, zuhandor arrunta. Donibane lohizuneko lorategi botanikoak zure lorategiko hesietan ezartzeko bertako espezie batzuk (fr) proposatzen ditu;
- Naturaguneak berritzeko lan parte hartzaileetan edo ibilaldi pedagogikoetan parte har ezazu. Euskal itsasbazterreko CPIE (ingurumenaren aldeko ekimenetarako zentro iraunkorra) eta ipar euskal herriko CPIE (FR) zentroek, beren webguneetan, maiz animazioak proposatzen dituzte.
Animalia espezie exotiko inbaditzaileen eragina ttipitzearen alde ere denok egin dezakegu, animalia exotikoak edo gatibutasun egoeratik datozenak naturan ez askatuz.
Euskal hirigune elkargoak espezie exotiko inbaditzaileei buru egiteko ekintzak plantan ematen ditu. Adibidez, euskal hirigune elkargoak eta haren partaideek landare exotiko inbaditzaileak errotik kentzeko hainbat ekintza antolatu dituzte. Bestalde, MIFENEC (faunari eta naturaguneei buruzko informazio zentroa) eta grege erakundeei dei egin die, amerikar bisoiaren kontrako borroka sare aktiboa hedatzeko. Euskal hirigune elkargoak LIFE COOP CORTADERIA programa ere sostengatzen du, eta azken horren erreferentea akitania berriko CEN erakundea da.
Sakontzeko
Frantziako bioaniztasunaren erakundeak espezie exotiko inbaditzaileei buruzko baliabide anitz ematen ditu eskura.







