Naturagune babestuak ipar euskal herrian
Ipar Euskal Herriko natura-ondareak bioaniztasun paregabea eta mota anitzeko ingurune eta paisaiak aterpetzen ditu. Lurraldean diren gune babestuak eta espezie nabarmengarriak ezagutu eta haien zaintzan parte hartu.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a
Espezie babestuen mapa
Bere webgunean, Natura-Ondarearen Frantziako Erakundeak (NOFE) espezie babestuen mapa oso bat proposatzen du. Gune bakoitza xeheki aurkeztua da, baita zaintza erronkak ere.

Araudiak
Biotopoa zaintzeko erabakia
Prefetaren erabaki mota horrek eremu jakin batean giza-jarduera arautzeko eta murrizteko xedea du. Ipar Euskal Herrian, biotopo erabaki batek gune bat mugatzen eta arautzen du: Lur Berria gunea, Senperen kokatua, Ainhoaren ondoan.
Natura-erresalbu guneak
Maila desberdinetakoak izan daitezke, Frantzia edo eskualde mailakoak. Babes handieneko araudia da, giza-jarduera murrizteko bidea eskaintzen duena ingurunearen zaurgarritasuna eta nabarmengarritasunaren arabera. Eskualdeko bi natura-erresalbu gune daude Ipar Euskal Herrian: Errota Handia eta Xurrumilatxeko aintzira. Erresalbu horiek kudeaketa plan baten gaia dira, Akitania Berriko Naturaguneen Kontserbatorioak eramanik.
Natura 2000 guneak
Habitatak zuzentarauaren harira sailkaturiko guneak
Gune horiek batasunaren intereseko habitatak babesteko Europako zuzentarau baten ildotik sortuak izan dira. Helburua Kontserbazio Eremu Bereziak KEB-ZSC deituriko eremuak zaintzea da, ezaugarri bereziak eta bioaniztasun handia dutelako.
Hegaztiak zuzentarauaren harira sailkaturiko guneak
“Hegaztiak zuzentaraua” deituriko Europako zuzentarauak dio Europar Batasuneko herrialdeek zuzentarauan zerrendaturiko espezieak babesteko neurriak plantan ezarri behar dituztela, babesgune bereziak sortuz. Errealitatean, gune horiek eta Habitatak zuzentarauekoak Natura 2000 guneetan bilduak dira.
Gaiari buruzko argibide guziak aurkituko dituzu Ipar Euskal Herriko Natura 2000 guneei eskainiriko orrialdean.
Abere eta Landare Naturagune Ekologikoa (ALNE)
2 motakoak dira:
I motako ALNE: ekologikoki homogeneoak diren eremuak, euskal natura-ondarearen espezie, espezie elkartze edo habitat urri, nabarmengarri edo bereizgarriak daudenak. Lurraldeko gune nabarmengarrienak dira;
II motako ALNE: azalera handiagoko eremuak, kohesio handikoak, eta inguruko eremuak baino aberatsagoak diren erabilera eta pasaia naturagune multzoak barne hartzen dituztenak.
Gune horien inbentarioei esker, interes ekologikoa duten eskualdeak zerrenda daitezke. Erabakitzen laguntzeko tresna bat da etorkizuneko antolaketak edo babes neurriak hartzeko. Berez ez dira babesguneak, bioaniztasunaren ezagutza guneak baizik.
ALNEk Euskal Hirigune Elkargoko lurraldearen zati handi bat estaltzen du. Lurraldeko Natura 2000 gune guziak Abere eta Landare Naturagune Ekologiko batzuetan dira.
Ondare geologikoaren Frantziako inbentarioa
Inbentario hori babesguneak plantan ezarri aitzineko lehen urratsa da. Ingurumena, antolaketa eta bizilekuaren eskualdeko zuzendariek dute gidatzen eta gune geologikoei buruzko jakintzak biltzeko eta haien ondare-balioa eta zaurgarritasuna estimatzeko xedea du.
Hamar bat inbentario gune daude Ipar Euskal Herriko lurralde osoan, baita itsasbazterraren zati handienean ere, hots zati arrokatsu guzia.
Inbentario edo babes neurri desberdin horiei buruzko xehetasunak aurkituko dituzu Natura-Ondarearen Frantziako Inbentarioaren webgunean.
Ipar euskal herriko loredi nabarmengarria
Ipar Euskal Herriko lorediak ondare-balio handiko espezie ugari biltzen ditu, batzuetan endemikoak. Iratzeak, landare intsektiboroak, goroldioak eta likenak kantitate eta kalitate handikoak dira Ipar Euskal Herrian. Itsasbazterreko uharriek ere jatorrizko alga-loredia aterpetzen dute, baita Atlantikoko eskualde horretan soilik aurkitzen diren habitat naturalak ere. Ipar Euskal Herriko landare mota nabarmengarri gehienak itsasbazterrean, mendian, hezeguneetan eta muino idorretan daude.
Ipar euskal herriko aberedi nabarmengarria
Halaber, Ipar Euskal Herriaren kokapen geografiko bereziak azkarki ondarezkoa den aberedi urriaren presentzian parte hartzen du. Euskal itsasbazterreko eta Pirinioetako mendiguneko aberediak zenbait ezaugarrizko animalia mota biltzen ditu. Espezie horien artean, besteak beste Pirinioetakoak, batzuk urriak edo endemikoak dira: Kantauriar sugegorria, Basoilarra, Okil gibelnabarra, Muturluze piriniotarra, gauenara edo marmutxa espezie ugari, etab.
Ipar Euskal Herria migrazio bide nagusietan ere kokatua da, hala itsasoko aberediarentzat nola hegaztientzat, eta ildo horretatik erantzuletasun handia du espezie migratzaileen zaintzan.
Bazenekien ?
Denei irekia zaien inbentario parte hartzaile programa batek sare ekologikoak maparatzeko bidea eskaini behar du lurralde osoaren mailan. Ipar Euskal Herriko bereziki zaurgarriak diren ezaugarrizko 19 espezieen deskribapen orriak aurkituko dituzu hemen. Horrela, espezie horietako bat aurkituz gero, zure oharra sar dezakezu inaturalist.org aplikazioan, espezie orri bakoitzean dagoen QR kodea eskanatuz.
Nola babestu bioaniztasuna?
Denek naturaren gaineko eragina murritz dezakegu ohitura soilak hartuz. Naturaguneak eta bioaniztasuna egunerokotasunean babesteko gidaliburu bat proposatzen dizugu hemen.
Zerbait ments zaizu?