Naturaguneak eta bioaniztasuna babesten ditut

Giza-jarduerek eragin handia dute bioaniztasunaren gainean. Denek espezie bizien eta haien ingurumen naturalaren zaintzean parte har dezakete ohitura soilak hartuz.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a

Etxean

Apartamentu ala etxe batean bizi, espezie bizien eta haien ingurumen naturalaren zaintzean har dezakezu, ohitura soilak hartuz zure egunerokotasunean. 

Etxe barnean 

  • Ekai birziklagarriak eta birziklatuak hobetsi;
  • Berriz erabiltzeko puskak eta altzariak hobetsi, eragin ttipiagoa dutelarik gure baliabide naturalen gainean (Konpon Txoko, Emmaüs, AIMA, Patxa’ma, etab.);
  • Modu iraunkorrean kudeatuak eta, ahalaz, tokikoak diren oihanetatik jalgiriko zurezko salgaiak hautatu;
  • Osagai naturalez eginiko tinduak hobetsi, zure osasunerako eta zure ingurumenerako;
  • Laborantza-iturriko isolagailu naturalak hautatu, hala nola artelazkia (haritz azala), landare-zuntz edo kotoi artilea (kalamua, lihoa), zur zuntza, zelulosa guata, edo birziklatuak (Métisse markako isolagailuak, ...) 

Kanpoaldean 

Mendian

Izan hasiberri ala ibilkari aditua, bakarrik, familian edo lagun artean, Ipar Euskal Herrian ibilbide ugari daude, aire-sanjaren berme. Baina Ipar Euskal Herriko bideetatik ibiltzeak jokabide egoki eta errespetutsua eskatzen du. 

  • Zaku bat hartu zure hondakinak eta komuneko papera eramateko;
  • Animaliei urrundik behatu, isilik. Animaliak ez hunki eta ez bazkatu;
  • Loredi eta habitat zaurgarriak zaintzeko, zohikatzak ez zangopilatu, landarerik ez bildu;
  • Seinaleak errespetatu eta seinalaturiko bideetan egon;
  • Ahalaz, zure zakurra ez eraman zurekin, edo sokatik atxiki;
  • Surik ez piztu eta zigarreta muturrik ez bota;
  • Erreketako ura ez edan eta bertan ez bainatu;
  • Haizu diren bideetatik ibili. Zalantzarik izanez gero, bidea bazter utzi. Ibilbide bazterretan dauden jabego pribatuak errespetatu;
  • Abere talde bat gurutzatuz gero, abiadura moteldu;
  • Ibilgailua seinalaturiko lekuetan aparkatu;
  • Xeilak berriz hetsi zure gibeletik. 

Itsaso bazterrean

  • Ur baliabidea zaindu eta komunetako ura ez xahutu;
  • Itsaso ingurunea kaltetzen ez duten eguzkiko krema ekoarduratsuak erabili;
  • Hondartza eta erreka bazterretan, zure etxeko animalien gorotzak bildu. Zakur gorotzak nahikoak dira bainatzea eragozteko;
  • Garraiobide eztiak hobetsi (urririkako joan-jinkariak, bizikletak, ibilketa) hondartzetara joateko;
  • Tokiko aberedi eta loredia begiratu eta zaindu. Babesturiko arroken gainera igotzea debekatua da. Biarritzeko arrokak eta Hendaiako Dunbarriak tokiko hegazti mota ugariren funtsezko habitatak dira. Babesturiko zenbait espezien ugalketarako eta habia egiteko baldintza ezin hobeak eskaintzen dituzte. Kaio hankahorien habia egiteko garaia martxotik uztailera iragaten da;
  • Kanpoko bazkarietan, plastikoa saihestu, garbi daitezkeen edukiontziak erabili, botatzekoak baino;
  • Zure inguruko hondakinak bildu flotatzen utzi baino. Plastikoak itsasoko hondakinen %40-50 osatzen du. Pozoitsuak dira eta arrainek eta hegaztiek janaria dela uste dute. Bereizketa-guneak, zikinontzi publikoak edo makro-hondakinak botatzeko itsasoko hondakin-ontziak eskuragarri dira Ipar Euskal Herriko hondartzetan;
  • Aldiz, harea eta arrokak hondartzan egoten dira. Espezie batzuendako habitat naturala dira;
  • Aniztasuna sustatzeko eta hondartzak zaintzeko, itsasoko hondar naturalak ez bildu;
  • Sabellaria harren abaraska-uharriak ez zangopilatu. Koskor bitxi horietako bat aurkituz gero, Ifremer erakundeak argazkitan hartzera eta zure aurkikuntza haren webgunean argitaratzera gomitatzen zaitu;
  • Kutsadura bat badela sumatuz gero, Kalilo aplikazioan jakinarazi 

Itsasoan 

  • Ugaztun handiengandik urrun egon (izurdeak, baleak, etab.). Itsasoko ateraldietan, largabistak erabili, motorraren harrabotsak itsasoko animaliak trabatzen baititu. Itsasontzitik hurbiltzen badira, ez hunki!
  • Abiadura mugak errespetatu jarduera motordunetan ibiliz: harrabotsak zetazeo eta arrain mota ugari trabatzen ditu, ezinbestekoa da ahal bezainbat murriztea;
  • Maskordunak eta oskoldunak ez bildu. Itsasoko aberedia eta loredia zaurgarriak dira;
  • Arrantzarako, harrapa daitezkeen espezien neurriak errespetatu espezien berritzea ahalbidetzeko gisan. Babesturiko zenbait espezie ezin dira batere arrantzatu. Hona errespetatu beharreko tokiko eta Frantzia mailako arauak.  

Tokiko aberediaren inbentario parte hartzailea 

Denei irekia zaien inbentario parte hartzaile programa batek sare ekologikoak maparatzeko bidea eskaini behar du lurralde osoaren mailan. Ipar Euskal Herrian bereziki zaurgarriak diren ezaugarrizko 19 espezieen deskribapen orriak aurkituko dituzu beherago. Horrela, espezie horietako bat aurkituz gero, zure oharra sar dezakezu inaturalist.org aplikazioan, espezie orri bakoitzean dagoen QR kodea eskanatuz. 

A télécharger