Saneamendu ez kolektiboa
Saneamendu kolektiboko sare publikoa ez bada zure etxetik iragaten, saneamendu sistema autonomo bat ukan behar duzu. Orrialde honetan aurkituko dituzu saneamendu ez kolektiboko muntadura bat eraikitzeko, artatzeko eta kontrolatzeko argibide baliagarri guziak.
Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 17a
Zer da saneamendu ez kolektiboko (sek) muntadura bat?
Saneamendu Ez Kolektiboko (SEK) muntadura bat, eraikin baten (bizitegia, lokala) ur zikinak biltzen, tratatzen eta kanporatzen (lehentasunez lurrean sarraraziz) dituen dispositibo multzo bat da.
Dispositibo horiek prozesu biologikoak erabiltzen dituzte. Horien erabilerak eta artatzeak neurri bereziak eskatzen ditu. SEK muntadura baten neurriak egokitzeak eta jartzeak lege- eta teknika-arau zehatzak ere bete behar dituzte.
Bi dispositibo mota desberdin dira:
1. Ohiko dispositiboek dagoen lurra edo berrosaturiko lurra baliatzen dute. Lursail nahiko handia eskatzen dute, elementu elektromekaniko guti eta argindarrik ez. Bi kategoria dira.
- Lur naturala: ur guzietarako hodia + lur naturalean sakonera gutiko barreiatzea (zangak edo barreiatze oheak);
- Berrosaturiko lurra: ur guzietarako hodia + hareaz berrosaturiko zuhaizti irazkorra (harea irazki bertikala edo horizontala, drainatua ala ez) edo zeolitaz berrosaturikoa.
2. Onetsiriko dispositiboak ez dira ohiko dispositiboak. Aldizkari Ofizialean ageri den edo erakunde ahalmendu batzuek (CERIB, CSTB) emaniko onespena dute. Kategoria bat baino gehiago dira:
- Irazki trinkoak;
- Kanaberaz landaturiko irazkiak;
- Hazkuntza libreko edo urperaturiko hazkuntza finkoko mikroestazioak.
Zer dira bete beharrekoak?
Jabe gisa:
- Saneamendu ez kolektiboaren eraikuntzaren (edo zaharberritzearen), ibileraren eta artatzearen arduraduna zara. Horrela jokatzen duzu ura eta ingurumena zaintzeko eta osasun-arriskuak baztertzeko;
- Zure SEK muntaduraren jarraipenaren dokumentuak gordetzen dituzu;
- Saneamendu ez kolektiboaren arloko profesionalei dei egiten diezu SEK muntadura jartzeari loturiko urrats guzietan:
- sortzean: lurrean eta SEK tekniketan adituak diren ikerketa bulegoa(k) eta, beharrez, geometra aditua, arkitekto bat edo eraikuntza arloko ekonomialari bat.
- obrak egitean: obra publikoen enpresa aditua;
- mantentzean eta artatzean: SEK muntadura finko baten jartzean ahalmena duen enpresa bat, husteko onetsia den enpresa bat.
- Baitezpadako arauzko kontrolak eginarazten dizkiezu Euskal Elkargoko Saneamendu Ez Kolektiboaren Zerbitzu Publikoari (SPANC)
- Dagozkion zerbitzu zergak ordaintzen dituzu.
Nire sek eraikitzen dut
1. urratsa: Saneamendu Ez Kolektiboaren Zerbitzu Publikoarekin (SPANC) harremanetan sartzen naiz bete beharreko arauak eta prozedurak ezagutzeko
Zure eskualdeko SPANC teknikariak arauzko teknika-aginduak ematen dizkizu eta, beharrez, adituen aholkuak eta esperientzia-emaitzak helarazten dizkizu. Osatu eta izenpetu behar den deklarazio-orria ematen dizu, eratxiki behar diren dokumentu osagarri eta baitezpadakoen zerrendarekin. Horrek denak osatzen du nire SEK muntadura diseinatzeko dosierra, SPANCek oinarritzat hartuko duena arauen araberakoa denez erabakitzeko.
2. urratsa: nire SEK diseinatzeko dosierra osatzen dut
Dosierra osatzen dute:
- deklarazio-orria, osaturik eta izenpeturik,
- hunkituriko lursailen egoera adierazten duen kadastra-mapa,
- 1/50 eta 1/200 arteko eskalako masa-mapa, honakoak zehazki finkatzeko bidea eskaintzen duena:
- bizitegia,
- ur-zikinen hoditeria eta SEK muntadura osatzen duten dispositiboak,
- oinarrizko lursailaren maila kurbak,
- edateko uraren hoditeriaren bidea,
- euri-uren hoditeria eta iragazte edo atxikitze dispositiboen bidea,
- sare idorren bidea (argindarra, telefonoa...)
- ibilgailuen eta oinezkoendako sarbideak, terrazak eta beste eremu irazgaitzak (igerilekua, aparkalekua, aldategia...)
- jadanik diren landaketak eta gerokoak,
- diseinu ikerketa txostena, honakoez osaturik:
- lurra eta honen ingurumenaren ikerketa,
- dispositiboaren ikerketa (SEK muntadura baten neurriak egokitzea eta jartzea, lurra berdintzeko beharrezko mugimenduak zehaztuz azalera ttipiko lursail baten kasuan),
- beharrez, tratatuak diren ur zikinak iragazteko ezintasuna frogatzen duen ikerketa,
- beharrez, jabekidegoaren ordezkariaren deitura-helbideak SEK muntaduraren eraikitze, ibilera eta artatzerako eta SPANCek emaniko kontrola-fakturak,
- beharrez, trataturiko ur zikinak botatzeko behar diren arauzko baimenak.
Nahi duzun zerbitzu emaileari/emaileei dei egiten diozu/diezu. Horiek beren erantzuletasuna estaltzen duten baitezpadako ziurtagiriak dituztela segurtatzea zure gain izaten da.
3. urratsa: SPANCi nire SEK muntaduraren diseinua arauen arabera dela kontrolatzeko eskatzen diot.
2. urratsean osaturiko diseinua dosierra SPANCi helarazi behar diozu, postaz, mezu elektronikoz edo zuzenean. Dosierra aztertu ondotik, SPANCek zure proiektuak indarrean diren arauzko gomendioei jarraikitzen dien erabakitzen duen kontrola txosten bat emanen dizu
4. urratsa: SPANCek idatzi duen SEK muntaduraren obrei buruzko kontrola txostena eskuratzen dut.
Txostena lehentasunez numerikoki helaraziko zaizu eta, zuk eskatuz gero, postaz.
Zure proiektuak eraikitzeko edo antolatzeko baimen bat eskatzen badu eta SPANC zure SEK proiektuaren alde agertu bada, orduan, soilik eskatuz gero, SPANCek arauen araberakotasun agiria emanen dizu, nahitaez aurkeztu beharko duzuna eraikitzeko edo antolatzeko baimena eskatzeko dosierrean.
5. urratsa: SPANCen faktura eskuratzen eta ordaintzen dut.
Euskal Hirigune Elkargoaren deliberoak du SEK diseinuaren kontrola egiteko zerbitzu zergaren zenbatekoa finkatzen: 200 € BEZa gabe, edo 220 € BEZa barne.
Nire SEK muntatzeko obrak egiten ditut
1. urratsa: enpresa obragina hautatzen dut
Zure gain izaten da obra-kalte asurantza bat hartzea eta enpresa obraginak hamar urteko asurantzari edo ingurumenaren errespetuari dagozkion garantia guziak betetzen dituela segurtatzea.
Jabeei eta profesionalei zuzenduriko gidaliburu baliagarriak idatziak izan dira. Obrei buruz dituzun eskakizunak zehazten lagunduko zaituzte. Eginiko obren txosten oso bat eta obren bukaeraren argitze agiri bat ukaitea gomendatzen dizugu, batez ere gerorako, zure SEK muntadura ongi ibil dadin.
2. urratsa: SPANCi obrak hasteko eguna jakinarazten diot nahiko goiz
Euskal Elkargoak bozkaturiko zerbitzu arauak dioenez, SPANCi obrak hasi baino 7 lan egun edo 10 egun lehenago jakinarazi behar diozu, SPANC teknikariak obrak ongi eramanak direla segurtatzeko, obrak lurkatu aitzin. SPANC aitzinetik informatu ezean, SPANC teknikariak ezin izanen du obren arauen araberakotasun agiria finkatu.
3. urratsa: SPANC teknikaria obragunera joaten da
Teknikaria obragunera joanen da behin gutienez. Bere bisitaren berri emanen dizu, zuri edo enpresa obraginari, zuk eskatu diozunaren arabera.
4. urratsa: SPANCi eginiko obren txostena ematen diot
Enpresa obraginari eginiko obren txostena osatzeko eskatzen diozu. Honakoak ukan beharko ditu gutienez:
- argazkiak, obrak egin aitzin eta gero;
- eskalan eginiko erkatze mapa bat edo akotazioekiko erkatze eskema;
- ekipamenduen deskribapena eta obretarako erabiliriko ekai kantitateen xehetasunak;
- muntadura bukatua edo ibiltzen hasi delako saiaketak
5. urratsa: SPANCek idatzi duen SEK muntaduraren obrei buruzko kontrola txostena eskuratzen dut
Diseinuaren kontrola txostenean, obragunean eginiko bisitetan eta 4. urratsean osaturiko obren dosierrean oinarrituz, SPANCek obrak arauen araberakoak direla estimatzen du. Txostena idazten du eta lehentasunez numerikoki helarazten dizu eta, zuk eskatuz gero, postaz.
6. urratsa: SPANCen faktura eskuratzen eta ordaintzen dut
Euskal Hirigune Elkargoaren deliberoak du SEK muntadura obren kontrola egiteko zerbitzu zergaren zenbatekoa finkatzen: 200 € BEZa gabe, edo 220 € BEZa barne.
Bazenekien?
Nire SEK muntadura berritzeko, energiarik baliatzen ez duen dispositibo baten bidez eginak direlarik, interesik gabeko 10 000 €ko ekomailegua (gehienez, urtero berrikusia izan daitekeen zenbatekoa) balia dezaket, baldintzapean.
Nire sek erabiltzen eta artatzen dut
Nire SEK muntadura eraikitzen edo zaharberritzen dut. Saneamendu aterabide bat da guziz. Ongi erabilia eta maiz artatua izateko eskatzen du. Zure eskualdeko SPANCek zure galderei erantzuten ditu, argibideak eta aholkuak ematen dizkizu. Zure SEK muntaduraren ibilera ona eta artatze ona kontrolatzen du aldika.
Nire SEK muntadura behar bezala erabiltzen dut
- Nire SEK muntadura behar bezala erabiltzen dut
- Obrak bisita kontrolei helgarri utzi behar dituzu;
- Zure SEK muntaduraren zortasun eremua errespetatu behar duzu: ibilgailuendako biderik edo aparkalekurik ez, zuhaitzik edo zuhaixkarik ez obretatik 3 metroko inguruan, ur zikinak iragazteko eremuak ez dira iragazkor bihurtu behar;
- Noiztenka, emari handiena erabiltzen duzu zure komunetako turrustarako eta baxera garbigailuaren tenperatura handiko programa hautatzen duzu;
- Sendabide luze baten kasuan, ur guzietarako hodi septikoa berrereiten duzu;
- Ez duzu ekai kutsagarririk edo korrosiborik (tintak, disolbatzaileak, sendagailuak, sukaldeko olioa edo beribileko olioa...) edo zapi eta babeski intimorik (tanpoiak, zapi higienikoak, pixoihalak, preserbatiboak...) botatzen komunetara edo hoditeriara.
- Euri-urak eta igerilekuko urak ez dituzu zure SEK muntadurari lotzen;
- Zure SEK muntaduraren “biziari” buruzko dosier bat eguneraturik atxikitzen duzu. Onetsiriko tratamendu dispositibo baten kasuan, zure SEK muntaduraren erabilerari eta artatzeari buruzko gidaliburua atxikitzen duzu, baita dispositiboaren serie zenbakia agertzen den ibiltzen hasteko txostena ere.
Nire SEK muntadura artatzen dut
Erregularki:
Obrak bisita kontrolei helgarri direla zaintzen duzu;
Begirada batez honakoak ikuskatzen dituzu:
- ekipamendu elektromekanikoen ibilera ona;
- eratatuak ez diren dispositiboen isurbide begian urik ez dela (ura izateak aitzin-trataturiko ur zikinen iragazte txarra adierazten du);
- drainaturiko dispositiboen beherean kokaturiko bilketa begian uraren isuri ona eta gardentasuna.
Urtean behin edo bi aldiz gutienez:
- ur guzietarako hodi septikoaren aurreirazkia garbitzen duzu (onetsiriko zenbait dispositibo egileek hiru hilabetetarik behin garbitzea gomendatzen dute) eta ekai iragazlea ordezkatzen duzu beharrez;
- gantza ontzia husten duzu (hondoan diren lohiak eta azalean metaturiko gantzak), ur turrustaz garbitzen duzu eta ur garbiz betetzen duzu berriz ibilarazi aitzin;
- aitzin-trataturiko edo trataturiko ur zikinak iragazteko trantxaden sarreran kokaturiko banaketa begia garbitzen duzu.
Urtean behin:
- Zure SEK muntadura onetsiriko dispositibo bat baldin bada, hala nola irazki trinkoa edo mikroestazioa, orduan egileak ahalmendu duen profesionalari dei egiten diozu artatze lanak egin ditzan (ekipamendu elektromekanikoen higadura-piezak ordezkatzea, oxigenatze tasa edo alarma sistemaren ibilera ona kontrolatzea...). Artatze kontratu bat hartzea gomendatua da azkarki.
- Zure SEK muntadura kanaberaz landaturiko irazki bat baldin bada: irazkien artatzea baratzezaintza motakoa da (moztea, belar tzarrak eskuz kentzea...).
Lau urtetarik behin, guti gorabehera, edo lohi maila ur guzietarako hodi septikoaren sakonaren erdira heldu delarik:
- Prefetaren erabaki batek onetsi duen zikin-kentzaile profesional bati hodia husteko (eta ur garbiz berriz betetzeko) eskatzen diozu;
- Kasu, onetsiriko muntadura edo dispositibo batzuk maizago hustu behar dira: ikus obren denboran emana izan zaizun muntaduraren erabilera gidaliburua. Edozein gisaz, onetsiriko zikin-kentzaileak esku hartu aitzin, zure SEK muntaduraren ezaugarriak jakinarazten dizkiozu. Honen erabilera eta artatze gidaliburua uzten diozu haren esku;
- Nire SEK muntadurak gantza ontzi bat baldin badu, gantza ontzia husteko eskatzen ahal diozu ur guzietarako hodi septikoarekin edo onetsiriko muntadurarekin batera;
- Onetsiriko zikin-kentzaileak faktura emanen dit, baita husturiko ekaien jarraipen agiria, ur araztegi batean bilduak izan direla segurtatzen duena.
Erabiliriko tratamendu ekaien berritzeari buruzko argibideak:
- Tratamendu ekaiak ibilarazteko epea aldakorra da SEK onetsiriko dispositiboen arabera. Batzuetan, hamar urteren buruan, ekai horiek kendu, garraiatu, balorizatu, desagerrarazi eta ordezkatu behar dira;
- Kanaberaz landaturiko irazkien kasu berezia: irazkiaren azaleran konpostaturiko lohiak baizik ez dira kendu behar hamar urtetarik behin eta konpostatze plataforma batera eraman, non balorizatuak izanen baitira.
Zalantza izanez gero, SPANC taldearekin harremanetan sartzen naiz.
Nire SEK muntaduraren bizi liburuxka eguneraturik atxikitzen dut
Nire SEK muntaduraren bizi liburuxka eguneraturik atxikitzen dut
Gorde behar diren dokumentuak hauek dira.
Diseinu ikerketa
Lurraren ikerketaren emaitzak, SEK dispositiboaren hautua eta obratzeko jarraiki behar diren aginduak xeheki azaltzen ditu.
- ure SEK muntaduraren memoria
- erkatze mapa xehea, ezarleak eginik, bukaerako obrekin bat datorrena;
- argazkiak muntadura estali aitzin;
- muntadura bukatua edo ibiltzen hasi delako saiaketak.
Erabilera gidaliburua
Muntadura, haren ibilera eta artatzeko bideak deskribatzen ditu. Ezarleak behar dio jabeari eman. Egileak du apailatzen.
Zure SEK muntadurari loturiko garantiak
- Obrak bukatuak direlako agiria non obrak behar bezala eginak direla segurtatzen dudan, enpresak eginiko obren dosierra oinarritzat hartuz (behin izenpeturik, garantiak eta asurantza-gerizak indarrean sartzen dira);
- Zure obra-kalte asurantza agiria;
- Faktura guziak.
Artatze lanen ziurtagiriak
- mantentze eta artatze kontratua,
- muntaduran eginiko esku hartzeak biltzen dituen liburuxka bat (ezarle edo egile batzuek horrelako bat edo eredu egokitu bat ematen dute), mantentze lanen txostenak;
- husturiko ekaien jarraipen agiriak;
- huste eta beste artatze lanei dagozkien fakturak (garbitzea, libratzea, kamera bat sartzea barreiatze hoditerian...).
SPANCen kontrola txostenak
Zure muntaduraren diseinua, eraikitzea eta ibileraren kontrola txostenak.
Saneamendu Ez Kolektiboko Zerbitzu Publikoaren araudiak SPANCek segurtatzen dituen zerbitzuak finkatzen ditu, baita ustiatzailearen, abonatuen, erabiltzaileen eta jabeen betebeharrak ere. (Lurraldeko elkargoetako kode orokorreko L2224-2 artikuluaren zatia).
SPANCek aldika muntadura kontrolatzean, hor nago
Zure SEK muntadura eraikia izan da eta erabiltzen duzu. Onetsiriko edo ahalmenduriko enpresek mantentzea eta artatzea zaindu behar duzu.
Ondotik, SPANCi dagokio ibilera ona aldika kontrolatzea, Ipar Euskal Herrian 8 urtetarik behin. SEK muntaduraren aldikako kontrola ibilgailuen azterketa teknikoa bezala da.
SPANCek dei gutun bat bidaltzen dizu teknikaria etorriko den eguna eta tenorea (edo tenore tartea) zehaztuz. Gutunari deklarazio orri bat eratxikia zaio. Egun hartarako, begi guziak helgarri utzi behar dituzu eta orria irakurri beharko duzu osatzeko eta izenpetzeko gisan teknikaria etorriko delarik.
SPANCen aldikako ibilera kontrola honakoetan datza:
- muntadura bat badela segurtatzea, honen ibilera eta artatzea kontrolatzea;
- gizakiarendako osasun arriskuak edo ingurumena kutsatzeko arrisku frogatuak estimatzea;
- SEK muntaduraren menturazko arauen araberakotasun eza estimatzea.
Spanci nire SEK kontrolatzea eskatzen diot
Baitezpadakoak diren kontrola horiek desberdinak dira zure SEK muntaduraren bizi urrats bakoitzean.
Diseinu kontrola
Zure SEK muntadura eraikitzen edo zaharberritzen duzu ez delako indarrean den araudiaren araberakora? Orduan, zure proiektuaren diseinu dosier bat osatu behar duzu eta SPANCi aurkeztu behar diozu, arauzko kontrola egin dezan.
SPANCek laguntzen zaitu: bete beharreko urrats desberdinak azaltzen dizkizu eta aholkuak ematen dizkizu. Oharra: ez du ikerketa berak eramaten.
Diseinu dosierra osatzen dute honakoek:
- deklarazio-orria, osaturik eta izenpeturik;
- hunkituriko lursailen egoera adierazten duen kadastra-mapa;
- 1/50 eta 1/200 arteko eskalako masa-mapa, honakoak zehazki finkatzeko bidea eskaintzen duena:
- bizitegia;
- ur-zikinen hoditeria eta SEK muntadura osatzen duten dispositiboak;
- oinarrizko lursailaren maila kurbak;
- edateko uraren hoditeriaren bidea;
- euri-uren hoditeria eta iragazte edo atxikitze dispositiboen bidea;
- sare idorren bidea (argindarra, telefonoa...);
- ibilgailuen eta oinezkoendako sarbideak, terrazak eta beste eremu irazgaitzak (igerilekua, aparkalekua, aldategia...);
- jadanik diren landaketak eta gerokoak;
- diseinu ikerketa txostena, honakoez osaturik:
- lurra eta honen ingurumenaren ikerketa;
- dispositiboaren ikerketa (SEK muntadura baten neurriak egokitzea eta jartzea, lurra berdintzeko beharrezko mugimenduak zehaztuz azalera ttipiko lursail baten kasuan);
- beharrez, tratatuak diren ur zikinak iragazteko ezintasuna frogatzen duen ikerketa;
- beharrez, jabekidegoaren ordezkariaren deitura-helbideak SEK muntaduraren eraikitze, ibilera eta artatzerako eta SPANCek emaniko kontrola-fakturak;
- beharrez, trataturiko ur zikinak botatzeko behar diren arauzko baimenak.
Diseinu dosierra aztertu ondotik, SPANCek zure proiektuak indarrean diren arauzko gomendioei jarraikitzen dien erabakitzen duen kontrola txosten bat emanen dizu.
Obratze kontrola
SPANCek zure SEK muntaduraren diseinua onartu du? Orduan, SPANC abisatu beharko duzu obrak hasi baino 7 lan egun lehenago, obrak behar bezala eginak direla kontrola dezan. Obren denboran, bisita bat edo bi eginen ditu: lurkatu aitzin edo lurkatzean.
Obrak kontrolatzea hauetan datza:
- muntadura osatzen duten dispositiboak identifikatzea, kokatzea, ezaugarritzea, besteak beste haien helgarritasuna;
- indarrean diren arauzko agindu teknikoak bete direla kontrolatzea.
SPANCek zure proiektuak indarrean diren arauzko aginduei jarraikitzen dien finkatzen duen kontrola txosten bat emanen dizu.
Ibileraren aldikako kontrola
Zure SEK muntadura eraikia izan da eta erabiltzen duzu? Mantentzen eta artatzen duzu? Ondotik, SPANCi dagokio horren ibilera ona aldika kontrolatzea, 8 urtetarik behin Ipar Euskal Herrian. SEK muntaduraren aldikako kontrola ibilgailuen azterketa teknikoa bezala da.
SPANCek dei gutun bat bidaltzen dizu teknikaria etorriko den eguna eta tenorea (edo tenore tartea) zehaztuz. Gutunari deklarazio orri bat eratxikia zaio. Egun hartarako, begi guziak helgarri utzi behar dituzu eta orria irakurri beharko duzu osatzeko eta izenpetzeko gisan teknikaria etorriko delarik.
SPANCen aldikako ibilera kontrola honakoetan datza:
- Muntadura bat badela segurtatzea, honen ibilera eta artatzea kontrolatzea;
- gizakiarendako osasun arriskuak edo ingurumena kutsatzeko arrisku frogatuak estimatzea;
- SEK muntaduraren menturazko arauen araberakotasun eza estimatzea.
PANCek arauen araberakotasuna edo araberakotasun eza adierazten duen kontrola txosten bat ematen dizu. Gerta daitezkeen zenbait ondorio:
- muntadurak ez du okerrik;
- muntadura artatze eskasia edo higadura bat badu: orduan, SPANCek artatze gomendioak zerrendatzen ditu;
- muntadura ez da arauen araberakoa, jendearendako osasuna kaltetzeko edo ingurumena kutsatzeko arriskurik gabe: arauen araberakoa ezarri beharko da soilik salmenta baten kasuan (urte bateko epea uzten zaio erosleari);
- muntadura ez da arauen araberakoa, jendearendako osasuna kaltetzeko edo ingurumena kutsatzeko arriskuarekin: arauen araberakoa ezarri beharko da 4 urteren epean edo urte baten epean salmenta baten kasuan;
SEK muntadurarik izan ezean, berehala eraiki behar dut bat.
Saldu aitzineko kontrola
Nire bizitegia saltzen dut? Orduan, osatu beharreko diagnostiko teknikoan sartu beharko da 3 urte baino gutiagoko SEK muntaduraren kontrola txostena, besteak beste eta eraikuntzaren eta bizitegiaren kodeko arauei jarraikiz. Duzun azken txostena zaharragoa bada, SPANCi zure SEK muntadura kontrola dezan eskatu behar diozu: hau da saldu aitzineko kontrola.
Ez bada arauen araberakoa, SEK muntadura arauen araberakoa ezarri beharko da saldu ondoko urte baten epean berantenik. Lehenago, erosleak segur aski SPANCi dei eginen dio arauen arabera ezartzeko obren diseinua eta gauzatzea kontrola ditzan.
Euskal Elkargoko SPANCek arauen araberakotasun jarraipen bat plantan ezarri duela jakinarazia zaizu, eta beharrez, osasun publikoko kodeko L1331-8 artikuluan zehazturiko zigorrak aplikatuko dituela.
Oroitarazia zaizu notarioek hilabete baten epea dutela saldu ondotik SPANCi salduriko ondasunaren identifikazioa, eta eroslearen deitura-helbideak jakinarazteko.
Urteko kontrola administratiboa (20 biztanle-baliokide baino gehiagoko SEK muntaduren kasu berezia)
Urteko kontrola administratiboa 20 biztanle-baliokide baino gehiagoko ahalmena duten SEK muntadurei dagokie. SPANCek du egiten, ibilera ona segurtatzeko aldikako kontrolaz gain.
Zure SEK muntadurari badagokio, SPANCi aitzineko urteko SEK muntaduraren ibilera eta artatze jarraipen liburuxkaren kopia eman behar diozu, urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen.
SPANCek dokumentua aztertzen du eta urte bakoitzeko ekainaren 1a baino lehen zure SEK muntadura administrazio-arauen araberakoa denetz finkatzen du.
Spancen prezioak
Saneamendu kolektiboaren zerbitzu publikoa baliatzen duten erabiltzaileek bezala, SEK muntadura bat duten jabeek ere SPANCen gastuak diruztatzeko zerbitzu zerga bat ordaindu behar dute. SPANCek egiten duen kontrola edo zerbitzu bakoitzari zerbitzu zerga berezi bat dagokio.
Prezioen berdintze berria
2023ko martxoaren 4an bilduriko Euskal Elkargoko Kontseiluak erabakirik, SPANC baliatzen duten jabe guziek zerbitzu bera prezio berean ordainduko dute Ipar Euskal Herri osoan. Prezioen berdintze hori honako testuinguruan egina izan da:
- Prezio eta fakturatze modu arrunt desberdinak;
- SPANCen erabileraren aldeko diru laguntza publikoen gelditzea.
- Prezio nagusien zerrenda
20 biztanle-baliokide baino gutiagoko edo hein horretako ahalmena duen SEK muntadura baterako
- Diseinu kontrola: 200€ BEZa gabe (220€ BEZa barne)
- Obratze kontrola: 200€ BEZa gabe (220€ BEZa barne)
- Ibilera ona segurtatzeko aldikako kontrola (8 urtetarik behin): 180 € BEZa gabe (198€ BEZa barne)
- Saldu aitzineko kontrola: 300€ BEZa gabe (330€ BEZa barne)
- Bigarren bisita. 150€ BEZa gabe (165€ BEZa barne)
- Esku hartzerik gabeko bisita: 60 € BEZa gabe (66€ BEZa barne)
21 biztanle-baliokide baino gehiagoko ahalmena duen SEK muntadura baterako
- Diseinu kontrola: 300€ BEZa gabe (330€ BEZa barne)
- Obratze kontrola: 300 € BEZa gabe (330€ BEZa barne)
- Ibilera ona segurtatzeko aldikako kontrola (8 urtetarik behin): 270€ BEZa gabe (297€ BEZa barne)
- Saldu aitzineko kontrola: 450€ BEZa gabe (495€ BEZa barne)
- Urteko kontrola administratiboa: 150€ BEZa gabe (165€ BEZa barne)
- Bigarren bisita. 150€ BEZa gabe (165€ BEZa barne)
- Esku hartzerik gabeko bisita: 60 € BEZa gabe (66€ BEZa barne)

Ohiko galderak
Norbanako saneamendua, saneamendu autonomoa, ez kolektiboa: zer da desberdintasuna?
Batere ez. Erranbide horiek gauza bera adierazten dute: nire saneamendu ez kolektibo muntadura.
Nola jakin saneamendu publikoko sarea nire bizitegitik iragaten den?
Saneamendu kolektiboko sare publikoa nire bizitegitik iragaten da saneamendu kolektiboko sare publikora heltzen ahal naizelarik, zuzenki edo bide pribatuen edo bide-zorren bitartez. Argibide gehiagorako, saneamendu kolektiboko zerbitzu publikoaren ustiatzailearekin harremanetan sartu.
SPANCek nire SEK muntaduraren ibilera aldika kontrolatzea baitezpadakoa da?
Bai, SPANCek nire SEK muntaduraren ibilera aldika kontrolatzea baitezpadakoa da.
SEK muntaduraren ibilera ona jabearen erantzuletasunaren mendean da, eiki (osasun publikoko kodearen L1331-1 artikulua). Baina ibilera onaren aldikako kontrola SPANCen baitezpadako betebeharra da (lurraldeko elkargoetako kode orokorraren L2224-8 artikulua). Legegileak kontuan hartu du bi erantzuletasun horiek osasun-babeserako eta ingurumenaren zaintzarako funtsezko baldintza osatzen zutela.
Nolabait, SEK muntaduraren aldikako kontrola ibilgailuen azterketa teknikoa bezala da. 8 urtetarik behin egin behar da. Euskal Elkargoak finkaturiko eta indarrean den prezioan fakturatua izanen zait.
Badut urteko mantentze kontratu bat.SPANCen ibileraren aldikako kontrola ordaindu behar ote dut?
Bai. 8 urtetarik behin egin behar da. Euskal Elkargoak finkaturiko eta indarrean den prezioan fakturatua zait.
Nire SEK muntadura ez da arauen araberakoa: diru mailako zigorrik ukanen ote dut?
Bai, nire SEK arauen arabera ezartzeko epea jakinarazia izan zaidanetik.
Osasun publikoko kodearen L1331-8 artikulua betearazteko gisan: “Jabea L.1331-1 eta L.1331-7-1 arteko artikuluek finkaturiko betebeharrei jarraikitzen ez zaien artean, bere bizitegia arauzko saneamendu autonomoa muntadura batez hornitua izan balitz, saneamendu publikoko zerbitzuari ordaindu izan beharko liokeen zerbitzu zergaren balio bereko isuna ordaindu beharko du.” Isuna emendatua izan daiteke Euskal Elkargoak delibero bidez finkaturiko ehunekoaren arabera, %400 gehienez.
Diru mailako betebehar horrez gain, beste zigorrak ere aplika daitezke, arauen araberakoa ez den SEK muntadurak osasun-egoera publikoa argiki kaltetzen duelarik.
Nork ditu SEK muntadura bat arauen arabera ezartzeko obrak ordaintzen?
Jabea da erantzule eta berak ditu SEK muntadura arauen arabera ezartzeko obrak ordaintzen. Interesik gabeko ekomailegu bat har dezake proiektuak zenbait baldintza betetzen baditu.
Nire bizitegia eraikitzeko edo zaharberritzeko eraikuntza baimen bat aurkeztu nahi dut. Lehenik, zenbait urraspide abiatzeko SPANCi dei egin behar ote diot?
Saneamendu kolektiboko sare publikoa ez bada nire bizitegi eraikinetik iragaten, nire SEK muntadura eraiki behar dut etxeko ur zikinak eta antzekoak tratatzeko.
Nire proiektua eramateko (eraikitzea, berritzea, hedatzea...), eraikitzeko edo antolatzeko baimen bat beharrezkoa da, orduan, baimena aurkeztu aitzin, SPANCi nire SEK muntadura proiektua arauen araberakoa dela adierazten duen ziurtagiria eskatu behar diot. Dokumentua eraikitzeko edo antolatzeko baimena eskatzeko dosierrari gehitu behar da nahitaez (ikus hirigintza kodearen R431-16 eta R441-6 artikuluak).
SPANCek ziurtagiria emanen dizu zure proiektuaren diseinua kontrolatu eta indarrean den araudiaren araberakoa dela segurtatu ondotik.
Zer da norbanako saneamendu sistemarik hoberena?
Saneamendu autonomo sistemarik hoberena, lehenik eta behin, zehazki diseinatua izan den SEK muntadura bat da, araudiaren errespetuan eta ofizioko arauek nahi duten bezala egina, profesionalek maiz artatua.
Bestalde, SEK muntadura iraunkorra da, energia guti kontsumatzen duena eta arazteko eraginkortasun handikoa eta menderatua. 2017an argitaraturiko IRSTEA erakundearen ikerketa batek 200 muntadura desberdinen ibilera konparatu ditu in situ, haatik markarik jakinarazi gabe. Laburbilduma hemen eskuragarri.
Zenbat kostatzen du SEK muntadura batek?
SEK muntadura baten kostua honakoen arabera alda daiteke:
- Lursailaren itxura (helgarritasuna, mota, neurriak...) ;
- sanotzeko etxea (kostua gela nagusi kopuruaren arabera garestitzen da).
Bestalde, SEK muntadura bat zaharberritzean, hertsadura bereziak ager daitezke: eskuragarri den azalera ttipia, eskuz berdintzea, miaketen gehigarrizko sakontasuna, ur zikinak jasotzeko estazio baten beharra, hargintza obra bereziak...
SEK muntadura baten kostua dispositibo motaren arabera ere alda daiteke, ohiko edo onetsirikoa, eta erabiliriko teknologia motaren arabera (kanaberaz landaturiko irazkiak, irazki trinkoak, hazkuntza libreko edo finkoko mikroestazioak.
Horrela, tratamendu ahalmen bererako, muntadura obratzeko kostua bikoiztua izan daiteke.
Gainera, obren kostuez gain, mantentze eta artatze kostua ere gehitu behar da, bitarteko irazkia edo ekipamendu elektromekanikoen ordezkapena barne, eta, azkenik, diseinu ikerketaren kostua.
Orduan, SEK muntadura baten kostu orokorrari dagokion zenbateko bakar bat esleitzea ez da gauza erraza. Diseinu ikerketa on baten garrantzia azpimarratu behar da: egin beharreko obrak eta horien gauzatzeko bideak zehazteko bidea eskaintzen du, obren kostua eta zenbait urtetarako kostu orokorra estimatzea ahalbidetuz.
Nire ondasuna saltzen dut: zein dira nire betebeharrak SEKari dagokionez?
Eraikin bat osorik edo hein batean salduz gero, saltzaileak hornitu behar duen diagnostiko tekniko bat eratxiki behar zaio salmenta hitzarmenari edo, hitzarmenik ukan ezean, jatorrizko salmenta agiriari. “Osasun publikoko kodearen L.1331-11-1 artikuluan aipaturiko saneamendu ez kolektiboko muntaduren kontrolaren ondotik idatziriko dokumentua” barne hartzen du, besteak beste (ikus eraikuntzaren eta bizilekuaren kodeko L271-4 artikulua).
Nire ondasuna saltzen badut, SPANCekin harremanetan sartzen naiz, zuzenean edo nire notarioaren edo etxe agentziaren bitartez, bisita bat antolatzeko. Bisitaren ondotik, kontrola txostena idatzia izanen da, SEK muntadura saldu aitzin. SPANCek bisitaren ondotik idatziko duen txostena gorago aipaturiko diagnostiko tekniko dosierrari eratxiki beharreko dokumentua da.
Salmenta aitzineko SEK muntaduraren kontrola Euskal Elkargoak erabakiriko eta indarrean den prezioan fakturatua izanen zait.
Saltzeko egunean, 3 urte baino gutiagoko kontrola txostena bat baldin badut, orduan, ez dut nire muntadura berriz kontrolarazi behar. Aldiz, salmenta hitzartu ondotik, SPANCi salmenta eguna, salduriko ondasunaren identifikazioa, eta eroslearen deitura-helbideak jakinarazten dizkiot, zuzenean edo notarioaren bitartez.
Azkenik, nire SEK muntadura ez bada arauen araberakoa, SEK muntadura arauen araberakoa ezartzeko betebeharra eroslearen gain izanen da, jatorrizko salmenta agiria izenpetu ondoko urte bateko epean, obrak diseinatzeko eta eramateko. Erosleak arauen arabera ezartzeko gainkostua erakartzen ahal du erosketa proposamenean.
Laguntza behar dut
Zure SEK muntadurari buruzko galdera ororako, zure eskualdeko SPANCekin harremanetan sar zaitezke. SPANCeko lantaldeak erantzunen dizu, argibideak eta aholkuak emanen dizkizu.
Zerbait ments zaizu?