Ur gutiago gastatzea

Uraren kontsumoa zainduz, ura denek eta heldu diren belaunaldiek eskura ukatearen alde egiten dugu, eta ingurumena babesten. Hona hemen molde arduratsuan kontsumitzeko zenbait aholku eta laguntza praktiko.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 10a

Zergatik kontsumitu ur gutiago?

  • Ipar Euskal Herrian jada idorte garaiak daude, eta baliteke hemendik 2040ra eskuragarritasunaren %30 galtzea, klima aldaketaren ondorioz;
  • Ipar Euskal Herrian, edateko uraren ¾ partikularrek kontsumitzen dute. Gure eguneroko jokabideek egiazko eragina dute gabeziak saihesteko;
  • Ipar Euskal Herrian, batez besteko kontsumoa ura eskura duen biztanle bakoitzeko eta eguneko 192 litrokoa da (2022an). Frantziako heina baino %15 gehiago da;

Ur gutiago kontsumituz, ur faktura nabarmenki apal daiteke, baita ur eta saneamendu zerbitzuen funtzionamenduaren kostu osoa ere (ura biltegiratzea, ur zikinak deskutsatzea, etab.). 

Eguneroko jarrera ekologikoak

Kontsumoa nola kontrolatu

Ohiko ur kontsumoak neur. Horrela, ikusiko duzu zein gastutan ekin behar zenukeen lehentasunez eta zenbat aurreztuko zenukeen. Urari buruzko informazio zentroak (CIEAU) on line simulagailua (FR) proposatzen du, kalkulua egiten laguntzeko.  

Egiazta ezazu instalazioek ez dutela urik galtzen. Oheratu aitzin, ura motz, gauaz urik ez balia, kontagailuko datuak har eta biharamunean begira ezazu kontsumoak aldatu diren. Ura isurtzen dela uste baduzu, iturgin bat dei ezazu, nondik heldu den ikus dezan. Komuneko turrusta isurtzen delarik, egunean 600 litro baino gehiago xahutzen dira; hots, urtean 1000 euro inguru! 

Ur gutiago balia

  • Dutxen iraupena labur. Dutxak eta bainuak ur kontsumoaren %40 dira. Dutxan pasatzen dugun minutu bakoitz 15 litro ur baliatzen dugu! Zure dutxa minutu batez laburtuz, ur kontsumoa egunean %10 apaltzen ahal duzu. Ipar Euskal Herriko 320 000 biztanleek ohitura hori hartuko balute, lurraldeko kontsumo osoa %6 apalduko litzateke!
  • Komunen kontsumoa apaldu, jario bikoitzeko turrusta instalatuz, ura aurrezteko poltsa bat ezarriz edo, besterik gabe, ontzian ur botila bete bat ezarriz. Turrusta irekiko duzun aldi guziz, 2 litro ur inguru aurreztuko duzu.
  • Dutxuluetan hagungailuak instala. Ur isuria erditara apaltzen dute.
  • Jantzi garbigailua abiarazi aitzin, osoki bete.
  • Lorategia eta landareak goizean goiz edo arratsean berant urezta, ura gutiago lurrun dadin. Xortaka ureztatzeko sistema automatikoa ere ezar dezakezu. Sistema horrek ohiko ureztatzeak baino %20-%30 ur gutiago baliatzen du, eta ura berreskuratzeko ontzi bati lotzen ahal zaio. 

Ura berrerabil

  • Euri ura berreskuratzeko tanga ezar ezazu. Euskal Hirigune Elkargoak euri uraren biltegia erosteko laguntza eman diezazuke (kanpokoa edo lurpekoa), irabazi baldintzarik gabe. Dirulaguntzaren zenbatekoa ekipamenduaren edukieraren araberakoa da. Teilatua 100 m2-koa baldin baduzu, euri uraren biltegiari esker, gehienez 70 m3 ur berreskuratzen ahalko duzu, urririk, komuneko turrusta betetzeko, lurra garbitzeko edo jantzi-garbigailua elikatzeko (horretarako, ura tratatzeko ekipamendua ere behar da). Biltegiratzen den ur horri esker, bestalde, euri azkarrak direlarik uholdeak gertatzeko arriskua ere apaltzen da.
  • Dutxarako berotu bitartean isurtzen den eta barazkiak garbitzeko baliatzen duzun ura berreskura. Ur hori baratzea ureztatzeko balia daiteke.
  • Egosketa uraren indarrak balia. Adibidez, lursagarrak egosteko baliatu duzun ur beroa baratzeko belar tzarrak kentzeko erabil dezakezu. 

Ba ote zenekien?

Biztanleak ur gabezia arriskuei buruz informatzeko, 2022an, Euskal Hirigune Elkargoak uraren barometroa sortu zuen. Kalkulagailu horrek, aste guziz, Ipar Euskal Herriko ibai eta erreketako ur mailak adierazten ditu, eta azken 10 urteetako batez besteko mailekin konparatzen. Eko-jokabideak hartzera akuilatzeko bidea da, bereziki idorte garaian. 

Kontsumo birtualak apaldu

  • Egunero kontsumitzen ditugun produktuak ekoizteko eta garraiatzeko baliatzen den ura neurtzeko, ur birtuala aipatzen da. Erosketa arduratsuagoak eginez, lurreko ur kontsumoa apaltzen lagunduko duzu.
  • Bigarren eskuko jantziak lehenets. Tixerta bat egiteko, 2 500 litro ur behar dira, eta jean bat egiteko, 4 aldiz gehiago! ADEME erakundeak modari buruzko infografia zinez xehea (FR) sortu du, eta hobeki kontsumitzeko aholkuak ematen ditu.
  • Elikadura orekatuagora pasa. Egun, Frantzian, elikaduraren ekoizpenak biztanleko eta eguneko 3000 eta 5000 litro artean behar ditu. Gure ur kontsumoa apaltzeko (%35eraino), ANSES erakundeak, besteak beste, egunean 5 fruitu eta barazki jatea eta haragia astean 500 gramora mugatzea aholkatzen du.

Informazio gehiago nahi baduzu, Urari buruzko informazio zentroaren webgunea kontsulta ezazu (FR). 

Ura laborantzan

Laboraria bazara eta etxaldean ur gutiago kontsumitu nahi baduzu, informazio praktikoak hemen dituzu:

Ohiko galderak

Nondik heldu da kontsumitzen duzun ura?

Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den ura Ipar Euskal Herrian ekoitzia da! Erdia iturri naturaletatik datorren lurpeko ura da, eta beste erdia “azalerako ur hartzea” delakoa da; hots, 11 gunetan erreketatik hartua. 

Zer da idortea?

Euri guti, berotea eta turismo-jardueraren, laborantzaren edo industriaren ondoriozko kontsumoaren igoera batzen direlarik, idorte egoera sor daiteke. Tokiko erronken eta ur-baliabideetan agertzen diren tentsioen arabera, prefetek erabaki dezakete neurri egokiak hartzea. 

Nola jakin ene herrian ur murrizte neurririk baden?

Murrizketa arauak indarrean sartu orduko, zure herriko uraren ustiatzaileak SMS edo e-postaz abisatuko zaitu. Ez baduzu mezurik eskuratzen, zure datuak eguneratuak direla egiazta; jabetza partekatuan bizi bazara, zure sindikatura jo. Frantziako estatuan barna ibili behar baduzu, Frantziako estatuko idorteei buruzko plataforma (FR) baliagarri izaten ahalko zaizu. 

Ur baliabideak nola betetzen dira berriz?

Ur baliabideak euriaren eta neguan elurraren bitartez betetzen dira. Haatik, euria lurpeko ur geruzetara sartu ahal izateko eta ur erreserba bilakatzeko, ez du handiegia izan behar, bestenaz ura isurtzen baita, lurpera sartu gabe. Euri “eraginkorra”, bana beste, euriaren %30 baizik ez da. 

Laguntza behar dut

Ur eta energia gutiago kontsumitzeko engaiatu nahi baduzu, “Défi-déclic” desafioetan parte har dezakezu. Tokiko animatzaile batzuek 6 hilabetez lagunduko zaituzte usaiak aldatzen eta gutiago kontsumitzen.

Ipar Euskal Herriko Défi-Déclic desafioak (FR)