Euskal arkitektura-ondarea

Eliza erromanikoetatik hasi eta baserri tradizionaletaraino, Erdi Aroko etxe dorreetatik XIX. mendeko eraikinetaraino, Ipar Euskal Herriko arkitektura eta arkeologia ondarea bereziki aberatsa da. Ezagutu itzazu lurraldean zerrendatu, ikertu eta zaindu eraikinak gure mapa interaktiboaren bidez.

Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 17a

Euskal arkitektura-ondarearen mapa interaktiboa

Euskal arkitektura-ondarearen mapa interaktiboaren bidez lurraldeko arkitektura-eraikin nagusiak kokatu eta identifikatu daitezke. Azken hogei urteetan eraikinei buruz egin hainbat ikerketako datuak biltzen ditu, tokiko, eskualdeko eta nazio mailan eginak. 

Ikus mapa interaktiboa pantaila osoan 

Zer ikus daiteke mapa horretan?

Herriarteko Tokiko Hirigintza Planak (hTHP) apailatzean zerrendatu eraikinak

Lan hori Amikuzen egin da, Hego Baxenabarren eta Xiberoan. Formakuntza bat segitu ondoan, ehun bat herriko hautetsik 1 822 eraikin identifikatu dituzte, eta biztanleek partekatu ondarea irudikatzen dute. Inbentario hori erabakiak hartzeko laguntza-tresna bat da kolektibitateentzat, hirigintza kodearen arabera zein eraikin zaindu daitekeen zehazteko aukera ematen baitu. hTHPetatik haratago, euskal ondarearen ezagutza aberasten eta herritarren eta haien hautetsien inplikazioa sendotzen laguntzen du ondare komun baten balorizatzeko eta sustatzeko. 

FAIRE emankizunak lan hori zehazki aipatzen du  

Inbentario Nagusiaren karietara ikertu eraikinak

Ondare Kulturalaren Inbentario Nagusiak ondare eraikia zerrendatzen du, ikertzen eta ezagutarazten Frantziako lurralde osoan. Euskal Hirigune Elkargoaren lurraldean, bost inbentario-operazio egin dira 1998az geroztik, eta horren ondorioz, Estatuak eta Ondarearen eta Inbentarioaren eskualdeko zerbitzuak 1 077 ikerketa egin dituzte, tokiko kolektibitateekin batera. Datu horiek Kultura Ministerioaren POP datu-basean (Ondarearen Plataforma Irekia) eta Akitania Berria Eskualdeko Ondare eta Inbentario zerbitzuaren atarian ere eskuragarri daude. 

Monumentu historikoen karietara babestuak diren eraikinak

Monumentu historiko gisa sailkatuak edo zerrendetan diren eraikinak babestuak dira historia, arte edo arkitektura mailan interesgarriak baitira. Lurraldeko 241 eraikin daude mapan. Datu horiek Kultura Ministerioaren POP datu-basetik ere atera dira.

Ba ote zenekien?

Euskal Hirigune Elkargoak 2021ean “Ondarearen inbentarioa” egiteko eginkizuna sortu zuen, Akitania Berriarekin erdizka finantzaturik. Eginkizun horrek Ipar Euskal Herriko paisaien eta arkitektura eta hiri ondarearen ezagutza hobetzea du xede, hobeki babesteko eta balorizatzeko. Elkargoko hirigintza dokumentuen (hTHP) apailatzen eta Euskal Mendiko Eskualdeko Parke Naturalaren proiektua aberasten laguntzen du.  

Ezagutu zehazki Ondarearen Inbentarioaren Eginkizuna 

Euskal Mendiko lur-funtsen ondarea

2022an, Euskal Hirigune Elkargoak eta Akitania Berriak inbentario bat abiatu zuten lur-funtsen inbentarioa egiteko; Inbentario Nagusiaren metodoaren arabera egiten da. Operazioak 2 300 eraikin baino gehiago ikertu ditu, Euskal Mendiko Eskualdeko Parke Naturaleko hamabi herritan banatuak. Lan horri esker hobeki ulertu dira aro modernoko eta garaikideko okupazio-moldeak eta bortu-abeltzaintza. Ikerketa horren emaitzak Akitania Berria eskualdearen webgunean eskuragarri daude eta 2026an “Ondarearen irudiak” bilduman argitaratuko dira. 

Akitania Berria Eskualdeak ekoitzi bideo honek Ipar Euskal Herriko laborantza eta abeltzaintza eredua aurkezten du. Kabalen eta naturaren errespetuan oinarritu aspaldiko ondarea, belaunaldiz belaunaldi transmititua.

Abere-hazkuntzak Euskal Herrian gaur egun