Ipar euskal Herriko Igorpen Gutxiko Zona-mugikortasunak (IGZ-m)

Eguneratzea:2025ko martxoaren 30a

Igorpen Guttiko Zona (IGZ) behin-behinean gelditua

Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko Lehendakariak, Igorpen Gutxiko Zonaren (IGZ) behin-behineko gelditze bat iragarri du larunbat honetan, martxoaren 29ko Elkargo kontseiluan. 150 000 biztanletik gorako hiriguneetan IGZren sorrera galdetzen duen 2021eko Klima eta erresilientzia legea betez, neurri horrek 2025eko ekainaren 1ean sartu behar zuen indarrean. Frantses parlamentuko egun hauetako eztabaidek, besteak beste IGZren ezeztatzea dakarren emendakinak, ekarri dute erabaki hau. Horiek hola, ez da bide-seinalerik emanen eta gidariei ez zaie IGZri lotu isunik emanen.

Gogoan atxiki beharreko funtsezkoena

  • Igorpen Gutxiko Zona-mugikortasuna (IGZ-m) sartuko da indarrean Ipar Euskal Herrian 2025eko ekainaren lehenean, Tarnoze eta Hendaia arteko itsasertzeko 11 herritan.
  • Ibilgailu guztiek (autoak, bi gurpilekoak, utilitarioak eta ibilgailu astunak, Frantziakoak nola atzerrikoak) behar dute Crit’air agerkin bat ukan zona horretan ibiltzeko. Agerkina behin betiko ematen da eta 3,81 € ordaindu behar dute Frantziako ibilgailuek.
  • Crit’Air agerkin gabeko ibilgailuak edo Crit’Air 5 agerkindunak ezin dira IGZn ibili  6:00etatik 20:00etara, asteburuak ere barne. 13 200 ibilgailu inguru dira horiek Euskal Elkargoan (ibilgailu multzoaren % 5), salbuespenak kontuan hartu gabe.
  • Nazio mailako baimen berezi automatikoak aurreikusten ditu legeak lanbide edota ibilgailu zenbaitetarako.
  • Euskal hautetsiek beste zenbait baimen berezi eman dute, bai eta urtean 24 aldiz berritu litekeen 24 ordutarako baimena noizean behingo lekualdaketetarako.
  • Baimen berezien eskariak linean egin behar dira, webgune honetan, 2025eko apirilaren 15etik goiti.
  • Zonarako sargien eta jalgien adierazteko panelak daude. Araua urratuz gero, 68 €ko isuna jasoko dute autoek, bi gurpilekoek eta utilitarioek, eta 135 €koa ibilgailu astunek.
  • Europar araudi honek Hego Euskal Herriko 7 hiri hartzen ditu ere (Donostia, Bilbo, Iruñea, Irun, Gasteiz, Getxo eta Barakaldo). Neurriak hiri batetik bestera aldatzen dira.

Zer da Igorpen Gutxiko Zona-mugikortasuna (IGZ-m)?

Igorpen Gutxiko Zona-mugikortasuna (IGZ-m edo IGZ) ibilgailu kutsakorrenek zirkulatzeko baimenik ez duten geografía zona da. Baliabide horrek igorpen kutsakorrak murriztu eta airearen kalitatea hobetzeko xedea du biztanleen osasunaren alde.

Zergatik Igorpen Gutxiko Zona-mugikortasuna (IGZ-m) ezarri Euskal Herrian?

Araudiak beharturik

Estatuak 150 000 biztanletik gorako kolektibitate oro behartzen ditu beren lurraldean IGZ-m bat ezartzera Klima eta Erresilientzia Legea, 2021). Euskal Hirigune Elkargoa ukitua da, hortaz.

IGZ-m delakoak Europa mailan ere plantan emanik dira. 300dik gora IGZ-m edo parekoak daude 14 europar herrialdetan: Alemanian, Ingalaterran, Austrian, Belgikan, Danimarkan, Eskozian, Espainian, Frantzian, Grezian, Italian, Herbeheretan, Portugalen, Txekiar Errepublikan eta Suedian;

Espainiar legeriak 50 000 biztanletik gorako hiriak behartzen ditu igorpen gutxiko zonak plantan ematera. Hego Euskal Herriko gure auzoek 3 IGZ eman dituzte plantan Irunen, Donostian eta Bilbon.

Osasun Publikoko jokagaia

Airearen kutsadura dugu, Santé Publique France deitu erakundeak dioenez, urtean gutxienik 40 000 heriotz goiztiarren erantzulea Frantzia mailan. Garraioak ditugu kutsadura horren eragile nagusietako bat. Airearen kalitate txarrak osasunean duen eragina handia da, hortaz. 

Ipar Euskal Herrian IGZ plantan emateak nitrogeno oxidoen igorpenen murriztea areagotzeko aukera emanen digu. Munduko Osasun Erakundeak ezarri nitrogeno dioxido kontzentrazio muga (10 µg/m3) baino goragoa jasaten duten jendeen kopurua pasako litzateke 12 800 biztanle izatetik 6800 biztanle izatera.

IGZ hori on izanen da ere arrabots trabagarriak murrizteko, bai eta partikula esekien eta berotegi efektuko gasen igorpenak murrizteko.

Ipar Euskal Herriko IGZ-m delakoaz jakiteko den guztia jakitea

Egutegia

IGZ-m delakoa ekainaren lehenean hasiko da indarrean, 5 urtez. Etengabe aplikatuko da, aste egun orotan, 6:00 orenetatik 20:00etara. Bost urte horietan, araudia aldatu ezean, aplikatzeko irizpideak ez dira aldatuko.

Zonaren eremua

IGZ-m delakoaren eremu geografikoak itsas ertzeko zerrenda bat hartzen du, iparrean Tarnozen hasiz (Seignanx-eko herri elkargoa) eta Hendaiaraino hegoaldean.

A63 autobidearen mendebaldean, zirkulazio publikorako bide guztiak hartzen ditu honako 11 herri hauetan: Angelu, Baiona, Biarritz, Bidarte, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Donibane Lohizune, Tarnoze eta Urruña. Urruña herrian, RD810 eta A63 autobidearen artean doazen bideak ez dira eremuaren barnean.

Aldirietako aparkalekuetara heltzeko (P+R) korridoreak aurreikusi dira IGZ-m eremuan sartzerik ez duen ibilgailua dutenei horietan aparkatu eta beste garraio molde batez mugitzeko aukera emateko (talde garraioa, txirrindua, autokidetza, etab.).

A63 eta A64 autobideak eta haietarako sarbideak ez dira eremuan sartzen. 

Honako hauek har kontuan: 

  • A63 autobidea hetsiko balitz, RD81 errepidean ibili ahalko da denbora tarte horretan;
  • Zirkulazio murrizketak ez dira desbideratzeetan izanen, horiek indarrean diren denbora guztian.

Hemen behereko mapak xeheki azaltzen du IGZ-m eremua, bai eta aldirietako aparkalekuetarako sarbideak ere.

Ukituak diren ibilgailuak

Crit’Air agerkina ez duten edo Crit’Air 5 agerkina duten ibilgailuak dira IGZ-m eremuan ibiltzerik ez duten ibilgailuak. Honako hauek dira, izan:

  • 1997ko urtarrilaren lehena baino lehen matrikulaturiko ezantzako auto eta kamionetak (28 urte baino zaharragoak 2025ean);
  • 2001eko urtarrilaren lehena baino lehen matrikulaturiko diesel auto eta kamionetak (23 urte baino zaharragoak 2025ean);
  • 2006ko urriaren lehena baino lehen matrikulaturiko ibilgailu astunak (19 urte baino zaharragoak 2025ean);
  • 2000ko ekainaren lehena baino lehen matrikulaturiko motordun bi gurpilekoak (25 urte baino zaharragoak 2025ean).

Laborantzako ibilgailu eta mekanikak, T kategoriakoak (traktorea) edo C kategoriakoak (beldar katezkoak) badira, ez dira Crit’Air agerkinaren beharrean eta, hartara, IGZ-m eremuan ibil litezke.

Neurriak IGZ-m eremuan diren 5500 ibilgailu ukitzen ditu (eremu horretan matrikulaturiko ibilgailuen % 4) eta 13 200 Euskal Elkargoaren mailan (eremu horretan matrikulaturiko ibilgailuen % 5), salbuespenak kontuan hartu gabe.

Zure ibilgailuari zein agerkin dagokion erraz jakin dezakezu Ekologia Trantsizioaren Ministerioak linean duen simulagailua erabiliz.

Kontrolak eta zigorrak

Polizia panelek (Zonaren hastea/bukatzea) seinalatzen dituzte IGZ-m eremuaren sargiak eta jalgiak.

Isunaren gutxieneko kopurua 68 €koa da autoetarako, bi gurpilekoetarako eta utilitarioetarako, eta 135 €koa ibilgailu astunetarako.

Ene Crit'Air agerkina praktikan

Zer da Crit’Air agerkina?

Frantzian, 2016ko ekainaz geroztik, ibilgailu guztiek (autoa, utilitarioa, motoa, eskuterra, ibilgailu astuna, hiribusa, autobusa …) ukan dezakete Crit'Air agerkina. Baitezpadakoa da IGZ-m eremuan ibiltzeko. Crit'Air agerkina ikusteko gisan itsatsi behar da ibilgailuan eta kutsatzen duenaren berri ematen du.

6 agerkin daude. Agerkinaren zenbakia zenbat eta goragoa izan, gehiago kutsatzen du ibilgailuak. Ibilgailu zaharrenek ez dute agerkinik. Sailkatu gabeak dira. Honako hauek dira:

  • 1997ko urtarrilaren lehena baino lehen matrikulaturiko ezantza autoak;
  • 1997ko urriaren lehena baino lehen matrikulaturiko ezantza eta diesel kamionetak;
  • 2001eko urriaren lehena baino lehen matrikulaturiko ibilgailu astunak;
  • 2000ko ekainaren lehena baino lehen matrikulaturiko motordun bi gurpilekoak.

Zure ibilgailuari zein agerkin dagokion erraz jakin dezakezu Ekologia Trantsizioaren Ministerioak linean duen simulagailua erabiliz. Ibilgailuen sailkapen taula ikus dezakezu ere.

Nola eskura dezaket ene Crit'Air agerkina?

Zure eskaria hemen egin dezakezu:

Agerkin bakoitzaren kostua 3,81 €koa da (igorpen gastuak barne). Agerkina posta arruntaz igorriko zaizu, matrikulatze agiriak dakarren helbidera. Crit’air agerkina betirako da. Ez da zertan urtero berriturik.

Adi, sailkatu gabeko aire kalitateko agiria duten ibilgailuek ez dute Crit’Air agerkinik.

Baimen bereziak

Nazio mailako baimen bereziak

Debekuak ez zaizkio ezartzen igorpen gutxiko eremura sartzea debekatu ezin zaizkien ibilgailuei, lurralde kolektibitateen kode nagusiaren R.2213-1-0-1 artikuluan zerrendaturik direnak.

Zerrenda hori adierazgarri gisa ematen da eta automatikoki egokituko da legez edo arau bidez erabakitzen diren nazio mailako bilakaeren arabera.

  1. Ororen onerako ibilgailuakbide kodearen R. 311-1 artikuluak ezarri bezala,
    hau da, lehentasunezkoak diren ororen onerako ibilgailuak edo pasatzeko erraztasunak dituztenak.
    1. Ororen onerako ibilgailu lehenetsiak dira polizia zerbitzuak, jendarmeriakoak, aduanetakoak, suhiltzaile eta sokorri zerbitzuetakoak eta iraunkorki segurtasun zibileko zereginetan ari diren unitate militarrenak, minak kentzeko Estatuaren zerbitzuak, ospitale unitate mugikorrenak, edo, larrialdietako medikuntza laguntza zerbitzuak eskaturik aritzen direnak, soilik unitate horien esku hartzeetarako, eta Justizia Ministerioaren espetxeratuen garraiorakoak edo espetxeetara ordena berriz ekartzekoak;
    2. Pasatzeko erraztasunak dituzten ororen onerako ibilgailuak dira osasun garraiorako anbulantziak, segurtasun zibilekotzat onartu elkarteen pertsonen lehen sokorrirako ibilgailuak, argindar eta gas azpiegituren kudeaketa sozietateen segurtasuneko esku hartzeetarako ibilgailuak, Frantziako Trenbideetako Nazio Sozietatearen zaintza zerbitzuarenak, Frantziako Bankuaren funtsen garraioetarakoak, artamenduen jarraitasuna bermatzen duten medikuntza elkarteenak, medikuenak departamendu zaintza egiten ari direnean, odol eta giza organoak garraiatzekoak, negu zerbitzuko mekanikak.
  2. Defentsa Ministerioaren ibilgailuak;
  3. «Gizarteratze mugikortasuna»txartela daramaten ibilgailuak, gizarte ekintzaren eta familien kodearen L. 241-3 artikuluak dioenean oinarrituz «ahalmen urritasunekoen aparkatzea» aipua badaramate, edo kode berean, 2017ko urtarrilaren lehena baino lehen,  L. 241-3-2 artikuluak  zionean oinarrituz, ahalmen urritasuna dutenentzako aparkatze txartela;
  4. Pertsonen talde garraiorako igorpen gutxiko ibilgailuak, ingurumen kodearen L. 224-8-2 artikuluari jarraikiz;
  5. Talde garraioko ibilgailuak, bide kodearen R. 311-1 artikuluak dioenari jarraikiz, garraio publikoko zerbitzua erregularki ematen dutenak, kode horren R.318-2 artikuluaren II atala aplikatuz, ibilgailuak aire kutsagarrien igorpen mailaren arabera sailkaturiko ibilgailuen izendegia ezartzen duen aginduan zehazturiko sailetako batean ageri badira, baldin eta sail horrek zona horretan zirkulatzeko zatikako edo osoko debekua izatera heltzen bada debeku hori indarrean sartu den dataren ondorengo hiru eta bost urte arteko aldi batean. Zirkulatzeko debekua salbuetsiko den epea alda daiteke ibilgailuen kategorien arabera, gutxien kutsatzen dutenek salbuespen luzeagoak ukan baititzakete. Ingurumenaren eta Garraioen ardura duten ministroek elkarrekin eman agindu batez zehaztuko da hori.

Toki mailako baimen bereziak

Nazio mailako salbuespenez gain, toki mailako dispentsak ere eman dira plantan bereziki Euskal Hirigune Elkargoaren IGZ-m delakoan.

Ekonomia arrazoiengatik

Profesionalentzat:

1. Egonekoak ez diren ekoizle eta merkatari ibiltarien ibilgailuentzat egoneko ez den merkatari txartela indarrean edo eskudun agintariak eman baimen balioduna badu, ez eta beren ekoizpena banatzera edota merkatuak hornitzera IGZ-m eremuaren barnera datozen elikagaien ekoizleen ibilgailuentzat, ibilgailu egokituak behar dituzten elikagaien tokiko merkataritza ez mugatzeko.

2. Produktuak banabide laburrez banatzeko ibilgailu utilitarioentzat ekoizpena eta banaketa tokian egiten badira eta eskudun agintariak emaniko baimena badute, elikagaien tokiko merkataritza ez mugatzeko eta elikadura arduratsua bultzatzeko.

3. Lanlekuetako eta lan publikoetako ibilgailu eta mekanikentzat, autoaren jabego agirian CIT eta CARB seinalatua duten kamioi ziternak edo betoigailuak (CAM BETON), edo iraulki kamioiak (CAM BENNE), iraulki kamionetak (CTTE BENNE), edo ontzi kengarria duten iraulki kamioiak (CAM BEN AMO), edo ontzi kengarria duten iraulki kamionetak (CTTE BEN AMO), edo mekaniken garraio kamioiak (CAM PTE ENG), mekaniken garraio kamionetak (CTTE PTE ENG), ur ziternadun kamioiak (CAM CIT EAU), ur ziternadun kamionetak (CTTE CIT EAU), edo hustuketarako ziterna kamionetak (CIT VID), ibilgailu berezi horien berezitasunak kontuan hartzeko.

4. Abereak bizirik garraiatzeko ibilgailuak, garraiatzen diren abereen babeserako 1996ko azaroaren 5eko agindua betetzen badute eta «abereak bizirik garraioan» dioen abisua badaramate, ekonomia eta laborantza jardunen atxikitzea bermatzeko.

Partikularrentzat:

5. Matrikulatze agiriak «erakusketakoa» aipamena dakarren ibilgailuentzat, dabilen ondarearen babesa errazteko.

6. Ordutegi bereziak dituzten langileen ibilgailuentzat baldin eta, gutxienik urtean 24 egunez, lanaldia 19:00ak eta 7:00ak artean hasi edo bukatzen badute, talde garraioekin batera ez dezaketen lanaldiak dituzten langileen lekualdaketen laguntzeko.

Profesional eta partikularrentzat:

7. Jabeak ibilgailuarekin urtean 8000 km baino gutxiago egiten dituela froga dezakeen ibilgailuentzat, oso unean uneko erabilera duten ibilgailuen ordezkatzeko ibilgailu berria ekoizteak ingurumenean duen eragina mugatzeko.

Gizarte arrazoiengatik

Profesionalentzat:

8. Segurtasun zibileko elkarteen ibilgailuentzat, Barne Segurtasunaren Kodearen L.725-3 artikuluari jarraikiz dituzten zereginetan, egitura horien jarduna bermatzeko.

9. Ahalmen urritasunen bat dutenen laguntze zerbitzuen ibilgailuentzat, zerbitzu horien jarduna bermatu eta Gizarte Ekintzaren et Familien Kodearen L.114 eta hurrengo artikuluek zehazturiko helburuak betetzeko.

10. Etxeko laguntzarako zerbitzuek erabiltzen dituzten ibilgailuentzat, dituzten zereginetan, zerbitzu horien jarduna bermatzeko.

11. Ekonomia jardunaren bidez gizarteratzeko egituren ibilgailuentzat gizarteratze lantegi eta lanlekuetan erabiltzen direnean, arteko elkarteenak direnentzat eta gizarteratze enpresa eta elkarteenak direnentzat, egitura horien jarduna bermatzeko.

Partikularrentzat:

12. Eritasun luzea dutela frogatzen dutenak medikuntza zerbitzuetara heltzeko erabilitako ibilgailuentzat, artamenduak ororen eskura izan daitezen.

13. Estatuaren zerbitzu batek kontrolatzeko deitu dituen ibilgailuentzat, dei juridikoen betetzeko.

Arrazoi teknikoengatik

Profesionalentzat:

14. IGZ-m eremua abiapuntu edo helmuga duten ezohiko konboientzat, Bide Kodearen R. 433-1 artikuluaren arabera, prefet baimena badute, konboi horien behar eta molde bereziak kontuan hartzeko.

IGZ 24h baimena

Ezohiko edo noiz edo noizko lekualdaketak kontuan hartzeko asmoz, Euskal Hirigune Elkargoak jende guztiei (biztanleak, enpresak, noizbaiteko bisitariak) baliabide bat proposatzen die, ibilgailua arauetan ez badute, IGZ-m eremuan denbora tarte mugatu batez zirkula ahal daitezen, urtean egun kopuru batez: «IGZ baimena» 24h, urtean 24 egunez.

Hego Euskal Herrira mugazgaindi joateko informazioak

Espainiar Estatuko legediari jarraikiz, 50.000 biztanleez goitiko hiriek « Emisio Gutxiko Eremu (EGE) » batzuk lekuan ezarri behar dituzte. Hegoaldean, 4 EGE finkatuak dira jadanik: 

  • Donostian, 2025eko urtarrilaren 1etik indarrean da (dispositiboari buruzko xehetasunak ikus beherago) ;
  • Bilbon, 2024ko ekainaren 15etik indarrean da (dispositiboari buruzko xehetasunak ikus beherago) ;
  • Iruñean, 2023tik indarrean da (dispositiboari buruzko xehetasunak ikus beherago) ;
  • Gasteizen, 2025eko irailaren 15etik goiti indarrean sartuko da (dispositiboari buruzko xehetasunak ikus beherago) ;

Donostiako IGZri buruzko informazio gehiago

A Donostian, 2025eko urtarrilaren lehenaz geroztik da IGZ indarrean. Hiribarnearen erdi-erdia hartzen du (1.2 km2 zabal da, hau da, oinez gehienez 20 minutuz ibil liteke - ikus eremua xeheki). 

Atzerriko ibilgailuek honako hauek bete behar dituzte hor sartu ahal izateko:

  • Honako ezaugarri hauek behar dituzte ukan:
    • 2004/07/01az geroztik matrikulatuak diren motozikletak eta ziklomotorrak
    • ibilgailu arinak eta diesel eta ezantza furgonetak, 2006/01/01az geroztik matrikulatuak
    • 2001/10/01az geroztik matrikulatuak diren kamioiak, autobusak eta ezantza-autokarrak
    • 2006/10/01az geroztik matrikulatuak diren diesel kamioiak, autobusak eta diesel autokarrak.
  • Eskatu behar dute sartzeko baimena horretarako dagoen webgunean.

Araua urratuz gero 200 €ko isuna ezarriko da 2025eko martxoaren 14tik goiti, eta errepikatuz gero % 30 gehiago ordainaraziko da.

Donostiako IGZri buruzko informazio guztiak

Bilboko IGZri buruzko informazio gehiago

Bilbon, 2024ko ekainaren 15az geroztik da IGZ indarrean. 2 km2 zabal den eremua da, hiribarnean; Abando aldea hartzen du eta ibaiaren eta Sabino Arana karrikaren, trenbidearen etorbidearen, Autonomia karrikaren, San Frantzisko eta Bailen karriken artekoa. Eremua xeheki ikus.

Bilboko IGZ astelehenetik ostiralera da indarrean, 7:00etatik 20:00etara. Asteburu eta jaiegunetan ibilgailu oro kontrol gabe sar liteke.

Atzerriko ibilgailu kutsakorrenak (A eta B espainiar agerkinak) ezin dira Bilboko IGZn sartu indarrean den egun eta tenoreetan. Ikus ingurumen agerkinen baliokidetza

Bilboko IGZn sartzeko, gutxien kutsatzen duten atzerritar ibilgailuek (A eta B espainiar agerkinez besteak) Bilbao ZBE EGE aplikazio mugikorra telekargatu behar dute, ibilgailuaren datuak erregistratu (matrikula plaka), IGZn sartzeko data eta ibilgailuaren fitxa teknikoaren (txartel grisa edo parekoa) argazkia.

Aplikazio mobilean sartzearen abisua IGZn sartu ondorengo 2 egun arte egin liteke.

Arau urratzeari 200 €ko isuna ezarriko zaio (% 50eko beherapena berehala ordainduz gero).

Bilboko IGZri buruzko informazio guztiak

Iruñeako IGZri buruzko informazio gehiago

2023an eman zen plantan Iruñeako “Sartzeko Kontrol Sistema” (SKS-ZAC) delakoa. Hirigune historiko osoa hartzen du (Takonera kalea, Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua, Ahumadako dukea, Juan de Labrit, Vergel eta Santo Domingo kaleak, Santo Domingoko baratzeak).

IGZ horrek ez die ibilgailuei ingurumen agerkinaren arabera mugatzen sarrera, ez eta sartze egun eta orduen arabera. Bertako auzotar eta enpresei bakarrik uzten die sartzen. Gainerako ibilgailuak noiz edo noiz sar litezke aitzinetik baimena eskatuz.

Arau urratzeak 200 €ko isuna dakar.

Iruñeako Sartzeko Kontrol Sistemari buruzko informazio guztiak

Gasteizko Emisio Gutxiko Eremuari (EGE) buruzko argibide gehiago

Gasteizko EGEaren obratzeko ordenantza  2025eko martxoaren 21ean onartua izan zen eta indarrean sartuko da 2025eko irailaren 15etik goiti. Zigorrak ezarriko dira 2025eko abenduaren 15etik goiti. Gasteizko EGEk Alde Zaharra eta Zabalgunearen parte bat barne hartuko ditu eta 0.64km²-ko azalerakoa izanen da (perimetro zehatza ikus). Ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuek ezingo dute EGEan sartu.

Gasteizeko EGEari buruzko argibide gehiago

Arauak jotzen dituen gainerako hiriei dagokienean.

  • Gasteiz: neurriak 2024ko azaroan erabaki zen eta pixkanaka joanen da gauzatzen, 2025ean hasiz (ikus baliabidearen proiektua);
  • Irun: hiriak diagnostikoa bururaturik du jadanik eta IGZaren prestaketa lanei ekin die. 2026an plantan emateko helburua du (ikus baliabidearen proiektua);
  • Getxo eta Barakaldo: bi hiriak nor bere baliabidea prestatze bidean dira.

Ipar Euskal Herriko IGZ-m eremuan sartu nahi diren atzerriko ibilgailuetarako informazioak

Ipar Euskal Herriko IGZ-m eremuan zirkulatzen diren atzerritar ibilgailuek Frantziako ibilgailuek bete behar duten araudi bera bete behar dute eta Crit'Air agerkina aurkeztu behar dute. Nazio informaziorako certificat-air.gouv.fr webguneak orri berezi bat proposatzen die atzerrian matrikulaturiko ibilgailuek agerkina eska dezaten.

Araudi dokumentuak eta galdeketaren bilana

Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L.2213-4-1 artikuluari eta Ingurumen Kodearen L.123-19-1 artikuluari jarraikiz, Euskal Hirigune Elkargoak eta Seignanx-eko Herri Elkargoak arauak ezarri galdeketa antolatu zuten biztanleek eta loturiko pertsona publikoek Igorpen Gutxiko Zona mugikortasuna delakoaren agindu proiektuari buruz zuten iritzia biltzeko.

Galdeketa hori 2024ko urriaren 28tik azaroaren 25 bitarte egin zen.

Jendeen aditze horren emaitzak eta araudi dokumentu guztiak hemen beherean telekarga ditzakezu.

Informazio gehiagorako

Gehiago jakin nahi baduzu igorpen gutxiko zonei buruz eta nazio mailan diren laguntzei buruz, «Mieux respirer en ville» nazio mailako atarira jo ezazu.

Ohiko galderak

Zer da airearen kutsadura?

Ez dira nahastu behar airearen kutsadura eta berotegi efektuko gasak (BEG-GES). BEG direlakoak klima aldaketaren eragileak dira, eta airearen kutsadurak zuzenean eragiten du osasunean eta ekosistemetan. Giza jardunari loturiko kutsadura iturriak ditugu garraioak (bereziki errepide garraioa), beroketa, industria eta laborantza. Igortzen diren kutsatzaileak dira, nagusiki, nitrogeno dioxidoak (NO2), partikula esekiak (PM10 eta PM2.5) eta ozonoa (O3); kutsatzaile horiek  hainbat patologiaren jatorri izan litezke gizakiengan eta Frantzian, urtean 40 000 heriotzen eragileak.

Ez naiz IGZ eremuan bizi, baina noiz edo noiz hor ibiltzen naiz; ukitzen nau horrek?

Bai, baliabidea IGZ eremuan dabiltzan ibilgailu ororentzat da, frantses izan nola atzerrikoak.

IGZ hori egiazki baliagarri ote da lurraldeko biztanleen aire kalitatea hobetzeko?té de l'air des habitants du territoire ?

Bai, automobilen multzoaren bilakaerari loturik, IGZ planatan emateak nitrogeno oxidoko igorpenak lasterrago murrizteko aukera emanen digu.

Halatan, neurri horrekin, MOEak ezarri atalaseaz (10 µg/m3) goitiko nitrogeno dioxido kontzentrazioa jasaten dutenen kopurua 12 800 biztanle izatetik 6000 izatera pasako da.

IGZk arrabots trabagarriak eta partikula esekien eta berotegi efektuko gasen igorpenak murriztuko ditu ere.

Bada beste IGZrik Frantzian?

Bai, Frantziako IGZ guztien zerrenda hemen atzeman dezakezu: Mieux respirer en ville webgunea. Zona bakoitzean dauden arauak ezagutu eta ibilbide baten prestatzeko, Itinériz plataforma ikus ezazu.

Zer egiten dute kolektibitateek eta Euskal Elkargoak beren ibilgailuekin?

IGZren araudia kolektibitateentzat ere da, bai eta Euskal Hirigune Elkargoarentzat eta Mugikortasunen Sindikatuarentzat. Beren ibilgailu multzoa berdetu behar dute eta urteroko beren aurrekontuan gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak erostea programatzen dute ibilgailu zaharrenen ordezkatzeko.

Halatan, bada, Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasunen Sindikatua bere bus multzoa elektrifikatzen ari da. Haietako % 30 baino gehiago dira jadanik elektrikoak eta etengabe ari dira gero eta gehiago izaten. 2032rako % 100 izanen dira elektrikoak.

Mugitzeko zein beste aukera da?

Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatua gero eta bestelako mugitze molde gehiago eskaintzen ari dira. Adibide baterako, talde garraioak hauta ditzakezu edota txirrindaz ibil zaitezke bide laburrak ibiltzeko. Autoan, herri sargietan dituzun aldirietako aparkalekuak erabili ditzakezu ere.

Laguntza behar dut

Igorpen Gutxiko Zonari buruzko galderarik baduzu, Euskal Hirigune Elkargoaren zerbitzuekin jar zaitezke harremanetan, telefono zenbaki honetara deituz: 05 59 93 50 62 astelehen, asteazken eta ostiral goizetan, 8:30etik 12:00etara, edo zure eskaria Internet bidez zuzenduz.

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com