Hiru emaztek euskal musika tresna tradizionalak beste era batez entzunarazten dizkigute

Apirilaren hondarrean, Urketa, Baigorri eta Baionako herriek Iparraldeko Orkestrak daraman Emakumende kontzertua aterpetuko dute. Emazteak eta euskal musika tresna tradizionalak argitan ezartzen dituen sorkuntza lana.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 16a

Proiektuaren sortzaileak Kontserbatorioko hiru musikari eta irakasle dira: Marie Hirigoyen Bidart, Marina Beheretche eta Pauline Lafitte. Elkarrekin, euskal musika tresna tradizionalen munduan emazteen lekua galdekatzen dute Emakumende proiektuaren bitartez (Emakunde eta mende hitzen arteko nahasketa), apirilaren hondarrean aurkeztuko dutena Iparraldeko hiru herritan.  

“Iparraldeko Orkestrak musika tresna tradizionalen inguruko programaketa bat proposatzera gomitatu gaitu. Euskal musika munduko zenbait soinu-artxibo eta errepertorio garaikideagoko obrak balioan ezartzeko asmoa izan dugu” dio Mariek. 
20. mende hastapenean grabaturiko bildumetan oinarrituz, besteak beste, hirukoteak emazte bildumagile, idazle, musikagile edota joileak ohoratzen ditu.

Proposamena mamitzeko, Kontserbatorioko eta Orkestrako  
hamar bat musikari bildu dituzte. “Badu aspaldi elkar segitzen dugula, baina lehen aldia da sorkuntza baten inguruan biltzen garela, eta horrek anitz pozten gaitu” dio Mariek.

Agertokirako apailaturiko moldaketak

Kontzertuak euskal errepertorio tradizionaleko kantu eta aire sorta zabala eskaintzen du, musika taldearentzat moldatuak. “Kantu eta musika obra horiek gure isurien arabera moldatzeko gogoa izan dugu” zehazten du Marinak.  

Obra baterako, hirukoteak Joël Mérah erreferentziazko euskal musikagileari dei egin dio. “Zerbait berri ekartzen saiatzen gara”, dio Paulinek. “19. mendea eta gaur egun arteko obren historian murgildu gara, beraz obra modernoagoak ere izanen dira”.

Emakumende proiektuarekin, emazte gazteek diote: “Hunki biziki pertsonala ekartzen badugu ere, anitz atxikiak garen ondare horren musikaren mamia balioan ezartzea eta errespetatzea axola zaigu”.

Ikuskizunak:

  • Apirilaren 24an, 20:00etan, Urketako Doneztebe elizan
  • Apirilaren 25ean, 20:00etan, Baigorriko elizan
  • Apirilaren 26an, 11:00etan, Baionako Henri Grenet entzunaretoan