Donapaleun, Xibiouz etxean, zirkuitu laburrak bere zentzu osoa hartzen du
2025(e) ko urriaren 31a
Lurrama Euskal Herriko laborantza herrikoia eta iraunkorraren azokak bere 20. urteburua ospatuko du 2025eko azaroaren 7, 8 eta 9an, Biarritzeko Irati erakustazokan. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eramanik, ekitaldiak ingurumena errespetatzen duen tokiko laborantza solidarioaren baloreak argitan ezartzen ditu.
Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 31a
Edizio sinbolikoa ospatzeko, Lurramak “Bihar ere laborari” gaia hautatu du, Iparraldeko Elena Aguerre delarik ugazama eta Hegoaldeko Iñaki Intxausti ugazaita. Azokak lurralde osoa ezarriko du ohoretan, laborari jartzeari, transmititzeari eta hazkurri-burujabetasunari loturiko erronkak aztertuz.
BJDak egitarauaren bihotzean
Aurten, Euskal Herria izanen da gomitaturiko eskualdea, ardatz nagusi baten inguruan: babestutako jatorri deiturak (BJD). Guziz berrantolaturiko laborarien azokak Euskal Herri osoko ekoizleak bilduko ditu, U itxuran antolaturik, lurren aberastasunaren eta Iparraldeko eta Hegoaldeko labelen arteko loturen inguruan.
Etorriko dira, besteak beste, Iparraldeko BJDak - Kintoa zerria, Ezpeletako piperra, Ossau-Irati, Irulegiko arnoa - haien Hegoaldeko kideen ondoan, hala nola Txakoli, Idiazabal eta Erronkari gasnak, Lodosako piperra, Nafarroako arnoa edota Euskal Sagarnoa.
Hitzaldiak eta mahai inguruak: trukaketen aldi
Zenbait hitzaldi eta eztabaidek haziko dute laborantza herrikoiaren etorkizunari buruzko gogoeta:
Azaroaren 6a, osteguna, 20:30 - ESTIA (Bidarte): “Laborari jartzeko zer estrategia hazkurri-burujabetasuna hobetzeko Euskal Herrian?”, Jean-René ETCHEGARAY Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakariarekin.
Azaroaren 7a, ostirala, 17:00 - Irati erakustazoka: “BJDak, Euskal Herrian laborariak babesteko bermea”.
Beste hitzordu batzuek transmisioa, lurren erostea, laborarien ongizatea edota belaunaldi berrien formatzea bezalako gaiak aipatuko dituzte.
Besta eta familia giroko ekitaldia
Lurrama denendako ezagutza eta partekatze gune bat ere izaten da:
Gasna eta ogi lehiaketa, musika, laborantza-erakustaldiak, BJD dastatzeak, besta giroko apairuak… Denetarik izanen da lagunartekotasun eta transmisioaren lelopean antolaturiko hiru egun horiek alaitzeko : www.lurrama.org/index.php/fr/lurrama-2025
2025(e) ko urriaren 31a
2025(e) ko urriaren 10a