2025eko Lurrama: Euskal Herriko laborantza herrikoiaren 20. azoka
2025(e) ko urriaren 31a
Ongi etorri Xibiouz etxera, Donapaleun. Ohiz kanpoko jatetxeak beste zaporeetara gomitatzen gaitu, kalitatezko, tokiko eta sasoiko ekoizkinetan oinarriturik. Mugimenduari eskainiriko gune bat ere proposatzen du. Bihotz oneko taldeak ingurumenaren gaineko eragina murriztea ere zaintzen du.
Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 31a
Euskal sorgin baten izena daraman Xibiouz etxea hiru alderdi biltzen dituen asmo bat da, mugimenduari eskainia. Doulen leizea 2020an ireki ondotik, Sylvie Doxaranek Xibiouz Deli ireki du joan den martxoan, bere partzuerrekin. Ongizateari eskainiriko solairuaren azpian, ohiz kanpoko jatetxearen ondoan dago Bilbaka gela, Donapaleuko Ordokian. “Industria gune berritu hau ekarle eta inspiragarri iruditu zitzaidan. Toki ezin hobea osasuna zaintzeko proiektu honen garatzeko” dio yoga irakasle eta humanistak.

Jakinean eginiko sukaldaritza
Taldeak bezeroei egiten die ongi etorria begi onez, jantegi argitsu batean. “Leku indar berritzaile bat nahi nuen, gorputza zaintzeko toki bat” dio Sylviek. Eta elikamoldeak badu bere betekizuna, osasunerako funtsezkoa delarik”.
Hemen, tokiko, kalitatezko eta sasoiko ekoizkinak baizik ez dira. Zirkuitu laburrak bere zentzu osoa hartzen du. Aski da Donamartiriko Oier Bonetbelche sukaldeburuaren hitzak entzutea. 31 urterekin, Biarritzeko ostalaritza lizeoan formatua eta Baionako Basan aritu denak “sukaldaritza jakinean egonez lantzea” jakin izan du. Hemen, “hornitzaileak hautatzeko askatasun handia” eta bere “xede ekologikoei oihartzuna” aurkitu dituela dio. “Dena lotua da” azpimarratzen du, eta elikamolde sano bat akuilatzeko xedea duten jakiak xeheki azaltzen dituelarik, ulertzen dugu. Oierrek Idoki label biologikoko ekoizkinak lantzen dituzten ekoizleak hobesten ditu nagusiki. “Guk bezain guti bidaiatzen duten ekoizkinak hartzen ditugu” dio irriz.
Egun hartan proposaturiko jakiak bere hitzak irudikatzen ditu: beterraba orbelak arbi orbel pesto batekin - barazkiak Ostankoako ekoizle batek horniturik -, tokiko arto gorrizko morokila, Axuria idiki kofta Garaziko ongailuekin. Donamartiriko Zabaltza etxaldeko jogurta ahantzi gabe, “ardi-jogurtik hoberena”. “Ekoizkin gordin horiek dardaratzen dute. Gogoa eta gorputza elikatzen dute.”

Xibiouz Deli, munduko jakiak hemengo ekoizkinekin
Sukaldeburua ekoizleen eskaintzari egokitzen da eta ekoizkinak balioan ezartzen ditu haien osotasunean. Beharrez, ekoizkina eraldatzen du deus ez botatzeko. “Ingurumenaren gaineko eragina zaintzen dut, baliabideak hobesten ditut, argi dudalako bihar eskas izanen direla.”
Errezeta arrakastatsuak? Artzain-ogitarteko begetarianoa: Biarritzeko “Coin de table” okindegiko zekale opila, Oihanartia etxaldeko ardi gasna, Ezponda etxaldeko jogurta, beterraba keztatua... Edota katiluak: Nafarroako irris erdi-beltz biologikoa, sasoiko barazki erreak, jogurta ezamihiluarekin, “guk keztatzen dugun” Baigorriko amuarraina.
Karta ikuskatuz ohartzen gara Xibiouz Deli munduko sukaldaritza dela, hemengo ekoizkinekin apailatua. “Ekoizkin sanoekin, elikamoldea hobetzen da, digestioa ere... Eta ongizatea nabaritzen da” dio Sylviek.
Eta eztitasunean egoteko, jarduera lasaigarrietan aritzeko gomita luzatua da egurrez apainduriko gaineko gela zabalean: antzerkia, dantza, yoga, txi kunga...
Lehengo bizi batean, Sylvie Doxaranek bere jantzi marka sortu zuen, Xibiouz izenekoa. Jadanik. Itzulia egiten du gorputzaren entzutean datzan proiektu honekin, bertan yoga irakatsiz... “Gorputzez eta gogoz hobe izatean, norberaren bertsio hobea eskaintzen da.”
Xibiouzen jatorrian sortu zen Doulen leizea, Oxidoy karrikan, 2020an. Kinesiterapeutak, psikoterapeutak, doulak eta medikuntza txinatarrean adituak direnak biltzen dituen leku bat, emazteak bizi urrats guzietan artatzeko xedez, ikusmolde holistarekin.
2025(e) ko urriaren 31a
2025(e) ko urriaren 29a
2025(e) ko urriaren 24a