Ostreopsis alga : mugaz gaindiko ikerketa programaren abiazte ofiziala

Artikulua euskaraz irakurgai da

Mugaz gaindiko OSTREOBILA proiektuaren abiatze mintegia apirilaren 11an iragan da Bidarten. Europako POCTEFA 2021-2027 proiektu deialdian hautatu zen ikerketa zientifiko honek Ostreopsis algari buruzko ezagutzak sakontzea ahalbidetuko du eta erabakitzaileak lagunduko ditu etorkizunean araudi bat finkatzeko bidean.

2024-04-11 (e)an argitaratua

Orrialde honetan

Euskal kostaldean 2020ko udatik atzematen den Ostreopsis algak, kopuru handian aurkitzen delarik, larruazaleko eta arnasketako arazoak sor ditzake. Fenomeno berri horri erantzuteko, 2021eko irailean mugaz gaindiko lan-talde bat osatu zen. Interes Zientifikoko Taldeak animatzen du lan-talde hori (IZT Euskal Itsasbazterra*) eta mugaren bi aldeetako puntako zientzialari adituak, tokiko agintariak eta eskualdeetako osasun autoritateak biltzen ditu.

Hausnarketa komun horretatik sortu da OSTREOBILA ikerketa taldea. Bere xedea, Ostreopsis mikroalga toxikoaren euskal kostaldeko garapena hobeki ulertzea da, eta mugaz gaindiko eremuko agintariei tresnak ematea, erabakiak hartzen laguntzeko.

3 urteko ikerketa programa

Apirilaren 11an, Bidarten, partaideak eta zientzialariak mintegi batean bildu dira proiektuaren abiatze ofiziala egiteko. Zehazki, programa hori 3 urtez eginen da, mugaren bi aldeetako 11 gunetako analisiekin, analisi horien jarraipena eginez eta protokolo bateratu bat finkatuz.

Besteak beste, hauek izanen dira ekintza nagusiak:

  • Euskal kostaldean den Ostreopsis kontzentrazioa zaindu: Ostreopsis algaren sasoien dinamika ulertu, parametro hidroklimatikoekin loturik, eta jatorri tropikala duten espezie hauen garapena laguntzen duten ingurumen baldintzak deskribatu
  • Kolektibitateei bainatze eremuetako Ostreopsis algaren kontzentrazioari buruzko informazio erregularra helarazi, informazio hori lortzeko tokian tokiko jarraipen datuak eta baldintza hidroklimatikoen araberako arriskuaren estatistikak baliatuz
  • Aurretiazko zaintza heinak indartu, 2022an eta 2023an identifikatu Ostreopsis kontzentrazioetan oinarrituz, osasun arriskuak hobeki ebaluatzeko
  • Bi aldeetako autoritateek plantan ezarriko dituzten zaintza dispositiboak harmonizatu, euskal kostalde osoan itsas bazterraren erabileren prebentzio eta kudeaketa koherente eta partekatu bat egiteko
  • Algak gizakiarengan eta bioaniztasunean dituen eragina eta toxikotasuna ulertu

Ipar Euskal Herriko lau toki hunkituak dira (Hendaiako bikien hondartza, Donibane Lohizuneko Erromardi, Bidarteko Parlementia, Miarritzeko Portu Zaharra) eta Hego Euskal Herriko zazpi (Hondarribia, Ondarreta, Donostia, Zarautz, Itzurun, Mutriku, Ondarroa).

Protokolo bat bidean

Gaur egun ez da arautu Ostreopsis algaren toxikotasun hein maximo bat, bainatzeko uren jarraipen bakteriologikoan hainbat hein arautuak diren bezala (Escherichia coli, Enterococcus, etab.). Baliteke uda aitzin Osasun Ministeriotik zirkular bat argitaratzea horren inguruan. Anartean, joan den udan, elikadurako, ingurumeneko eta laneko Osasun Segurtasuneko Agentzia Nazionalak hainbat aholku hedatu zituen. Horietarik gehienak jadanik aplikatzen dira euskal kostaldean. Euskal Hirigune Elkargoa, gainera, urrunago doa laginetan dauden espezieak, Ovata zelula toxikoa barne, eta bakoitzaren proportzioak kalkulatzeko metodo bati esker.

Ostreopsis algaren kontzentrazio handia baldin bada, osasun autoritateek informazio mezuak argitaratzen dituzte, horretarako eskumena duten bakarrak izanik. Euskal Hirigune Elkargoak mezu horiek denbora errealean hedatzen ditu Kalilo aplikazioaren bidez eta bere lurraldeko hondartzeko sokorri postuetara.

Partaideak eta finantzamendua

Ikerketa programa hiru urtekoa da. 2,2 milioi euroko aurrekontua du eta horietarik 1,4 milioi Europatik finantzatuko dira, mugaz gaindiko POCTEFA programaren baitan (%65).

Mugaz gaindiko bederatzi partaide biltzen ditu: Euskal Hirigune Elkargoa-proiektu burua, Gipuzkoako Foru Aldundia, IFREMER, Euskal Herriko Unibertsitatea, AZTI fundazioa, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatea, Villefranche-sur-Mer-eko laborategi ozeanografikoa, Bartzelonako itsas zientzien institutua, Suez Eau-Rivages Pro Tech).

Zooma Euskal Itsasertzeko GISean

IZT Euskal Itsasbazterra mugaz gaindiko partaidetza tresna malgua da, euskal kostaldeko  kolektibitateak eta erakunde zientifikoak biltzen dituena: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio  Atlantikoetako Departamendua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Geologia eta Meatze ikerketen bulegoa, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitatea, Ri vages Pro Tech laborategia,   Casagec ingeniaritza eta AZTI fundazioa. Lehendakaria Emmanuel Alzuri da, Euskal  Hirigune Elkargoko Ur edangarria – itsas bazterra, kostaldea, GEMAPI eta Ingurune Naturalen hautetsi arduraduna.

Actualités ArtikuluakActualitats