Mugazgaindiko lankidetza, Europa mailakoa eta nazioartekoa

Euskal Herriaren mugetatik haratago hedatzea

Orrialde honetan

Atlantikoaren eta Pirinioen ardatzaren bidegurutzean dugu Euskal Hirigune Elkargoa, Europa mailan mugazgaindiko kokapen geografiko estrategikoarekin. 

Mugazgaindiko bizi eremuan denez, biztanleen arteko harreman historiko eta kulturakoak izan dira betidanik. Hurbileko lankidetza jardunek muga ondoko herritarren egunerokoa errazten dute. 

«Europa ez da tanpez eginen, ez eta osotasunean asmatuz ere. Eraikitze jakin batzuen bitartez eginen da, lehenik ekintzetan elkartasuna sortaraziz» (Robert Schuman)

Europar funtsak baliatzea 

Europak gure lurraldearen garapena areagotzen du! 

Europaren eskualde garapenerako politikei esker, Euskal Elkargoak Egiturazko eta Inbestimenduetarako Europar Funtsak baliatu ahal ukan ditu lurraldearen garapenerako proiektuak gauzatzeko. 

 

Elkargoaren jardunak garatzeko

Egun, baditugu sostengaturik diren hainbat proiektu. Haietarik batzuek honako helburu hauek dituzte: 

  • Enpresen sortzea sostengatu eta laguntzea (FEDER-ek diruztatu zenbait proiektu adibide: Donibane Lohizuneko Azoka Sortzailea / Itsasuko Habia mintegia) 
  • Gazteei lanpostua lortzen laguntzea ikastun langile izatearen bidez (Europar funtsek diruztatu proiektuen adibideak: gazteei lanpostua lortzen laguntzea ikastun langile izatearen bidez / Erabili baliabideak merkatuaren errealitatera eta ikastun langileen beharretara egokitzea) 
  • Hurbileko zerbitzuak areagotzea Elkargoaren lurralde guztian (FEADER delakoak diruztatu proiektu baten adibidea: Donibane Garazin ur jostaleku bat sortzea) 
  • Mugikortasun iraunkorra bultzatzea, hiri garraioak erabiltzen laguntzen duten zerbitzu digitalak garatuz (FEDER-ek diruztatu proiektu baten adibidea: Elkarrekin ari daitezkeen txartel salmenten sistema berritzailea,) 
  • Hondaerraz diren lurraldeak (itsas hegia, mendia, gune babestuak) naturaren halabeharretara eta klima aldaketara egokitzen laguntzea (FEDER-ek diruztatu proiektuen adibidea: Uholde Arriskuari Aitzina Hartzeko Ekintza Egitaraua prestatzea) 
  • Ur baliabidearen kopurua eta kalitatea babestu eta areagotzea ziklo osoan zehar (FEDER-ek diruztatu proiektu baten adibidea: Hondartzen kudeaketa aktibo baterako berrikuntza partzuergoa)

Tokiko eragileak sostengatzeko

Euskal Elkargoak eta Europak tokiko ekimenak laguntzen dituzte. 

Lurralde urraspide batetan oin harturik, LEADER-BEGEL (Baserrialdeetako Ekonomia Garatzeko Ekintzen arteko Lotura) Euskal mendialdea proiektuak eta FEDER-FSEren «Hiri politika» atala gidatzen ditu. Tokiko garapenerako programa horiek tokiko garapenerako estrategia ezarri eta gauzatzeko aukera ematen diete lurraldeko eragileei. 

LEADER-BEGEL proiektuak, 2014-2020 aldian, 1,6 milioitik gora europar funts baliatuko lituzke lurraldean garapen proiektu berritzaileak sostengatzeko. 

FEDER-FSEren «Hiri Politika» atalari dagokionean, diruztapen bereziak eman zaizkie hiri politikaren lehentasunezko auzoentzat eta hango biztanleentzat diren proiektuei, gertatzen diren desberdinkeriak, hala hirikoak nola ekonomiakoak, gizartekoak, kulturakoak eta ingurumenekoak, apaltzeko. Hori dela eta, Akitania Berriko Eskualdeak Euskal Elkargoaren esku utzi du Baiona hiriko Maubec/Zitadela eta Mounédé/Gurutze Saindua «Hiri Politika» auzoen garapenari sostengua emateko proiektuak hautatzea. 

Partaide laguntzailea da ere DLAL FEAMP Euskal Kostaldea urraspidean, bai eta DLAL FEAMP Euskal Kostaldea Landen Hegoaldea urraspidean, Pirinio Atlantikoetako eta Landetako Departamentuarteko Arrantza Batzordeak daramana (CIDPM 64/40). 

Azkenik, Euskal Elkargoak bere lurraldeko eragileek daramatzaten tokiko ekimenak laguntzen ditu ere. Lurraldearen garapena bultzatzen duten eta erkidegoaren asmoetan diren proiektuak laguntzen ditu horrenbestez. 

Landiketza proiektuak eramatea 

Gure lurraldea Europaren erdi-erdian. 

Europaren lurralde lankidetzak aukera ematen dio Euskal Elkargoari hainbat mailatako lankidetzak garatzeko: 

  • Euskadi eta Nafarroa gure auzoekin, eguneroko arazoei arrapostua emateko
  • Europan urrunago diren lurralderekin, elkarrekin ditugun erronkak altxatzeko. 

Mugazgaindiko ekintzetarako 

Euskal Elkargoak, egun, 8 proiektu daramatza POCTEFA 2014-2020 programaren barnean (webgunerako esteka). 

POCTEFA delakoa Frantzia, Espainia eta Andorraren arteko mugazgaindiko lankidetzarako europar programa da. 

Pirinioen bi aldeetan diren eragileek asmatu eta kudeatu mugazgaindiko lankidetzako proiektuak diruztatzen hartzen du parte. 

Euskal Elkargoaren mugazgaindiko proiektuek honako helburu hauek dituzte: 

  • Mugazgaindiko mugikortasun iraunkorrak garatzea (EderBidea, Smartmob, E-Mobask)
  • Mugazgaindiko lurraldean berrikuntza bultzatzea eta bikaintasuneko adarrak sor daitezen bultzatzea (Connect Innovation Bai! ) 
  • Itsas hegia eta ura gidatu eta kudeatzeko mugazgaindiko tresna komunak ezartzea (Marea, H2OGurea) 
  • Zirko ikuskizunen sortzea eta hedatzea eta artisten formakuntza erraztea (De Mar a Mar) 
  • Donejakue bideetako kultura ondarea jendeen eskura jartzea (Jacob@ccess) 

Eragileak batu eta akuilatzeko 

Euskal Elkargoak aktiboki parte hartzen du mugazgaindiko eta europar sareen dinamikan, proiektuak sortzen laguntzen duten iritzi trukerako eta lankidetzarako leku horietan

Erakundeen sareak: 

  • Baiona-Donostia Euskal Eurohiria: Ekonomia Intereseko Europar Elkargo horren kide sortzailea da Euskal Elkargoa, bai eta kudeatzaile ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, mugazgaindiko metropoli europarra sortzeko asmoz. 
  • Mugazgaindiko Pirinioetako Biltzar Atlantikoarra: lankidetza instantzia horren helburua mugaren bi aldeetako erakunde publikoen arteko solasa erraztea da, mugazgaindiko lurraldeko biztanleen egunerokoa errazteko. 
  • Mugazgaindiko Eragiketa Misioa: Frantziar gobernuak sortu zuen elkarte hori 1997. urtean, proiektuak daramatzatenak laguntzeko, mugazgaindiko lurraldeen interesak zaintzeko eta eragileak eta esperientziak sarean emateko. 
  • LEADER-BEGEL Frantzia: LEADER-BEGEL programen ardura duten tokiko ekintza taldeen sarea animatzen duen elkartea 

Horrekin guztiarekin batera, Euskal Elkargoak mugazgaindiko gaikako hainbat saretan hartzen du parte edota animatzen ditu, halanola Euskal kostaldearen Zientzia Intereseko Elkargoa, Partekatu Uren Kudeaketarako Gutuna, SAREUSKA euskara teknikarien sarea, KARRIKAN karrika arteen sareak.

Orrialde honek zure beharrei erantzun ote du ?